Irudia

GarbiƱe Manterola 2015ko api. 28a, 17:57

Imajinatzea libre eta merkea dela erakutsi dit Spock doktoreak asteotan, 2030erako euskal pasaportea poltsikoan izango dudala esan duenean.

Bazter guztietan igartzen dut. Urduritasuna. Prentsan, irratian, txioetan. Baita familian, lagunartean eta herrian ere. Kanpaina hemen da, eta ez antxoarena bakarrik.

2007ko udal hauteskundeetan ez nintzen Orion. Lan kontuak medio bi hilabeteko egonaldi batean nintzen, Alemanian. Maiatzaren 27 hartan goiz utzi nituen lagunak kalean, ezin sinetsirik nire etxeratzearen arrazoia. Alemaniarrentzat buruan ez kabitzekoa baizen: 5.000 biztanleko herri bateko boto kontaketak udaberriko terraza giroko garagardoa zapuztu? Nola bada!

Hemen da, berriz ere, apustuak egiteko garaia, baina ez naiz analisi politikoetan abila. Eta berriz ere maiatzaren azkenetan goiz etxeratuko naiz, nerbioso.

Apustuak egin ordez imajinazioari frenoa kentzea pentsatu dut, ariketa osasungarriagoa zait eta. Izan ere, imajinatzea librea eta merkea dela erakutsi dit Spock doktoreak asteotan, 2030erako euskal pasaportea poltsikoan izango dudala esan duenean.

Hasteko, herrigunea, autorik gabea izango da. Lasaia, motor soinurik gabea. Haurrak, adinekoak, ezinduak, seguru biziko dutena. Hortxe estanpa: elizako aldapatik, bizikletan arrapaladan, ume koadrila; eta plazako aitona-amonak haiei begira elkarri kontuak esan bitartean. Denak elkarrekin, gozatzen.

Besteko bidegorri egokia izango dugu. Di-da batean herriko mutur batetik bestera era iraunkor eta seguruan joateko. Eta autobusak eta trenak bost minuturo izango ditugu, bai Zarautz aldera baita Donostia aldera ere. Beno, eta Aiaraino ere bai, libre da eta eskatzea.

Zubiak teilatu garden bat izango du inork aldaka hautsi ez dezan haize handiko egunetan.

Hondartzako malekoia, etxeak, barra berria eta halakoak ez dira existituko. Gipuzkoako duna sail garatuena izango dugu eta turista andana etorriko da hura ezagutzera. Baina hori ez da izango platofuertea. Ordurako urak Motondo hartua izango du. Eta ez urak bakarrik, baita hegazti espezie askok, angulek, igelek... Oriako Itsasadarra Euskal Herriko bigarren biosfera erreserba izendapena eskuratzear izango da.

Gutxienez beste bi Moila bazterretik behar ditut irudi osoa osatzeko. Hurrengoan bigarren kapitulua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!