Eskerrik asko

Karkara 2015ko mai. 4a, 13:38

Danbolin Musika Eskolako irakasle eta ikasleek gutun hau bidali digute pasa den asteko kontzertuan gertatutako ezbeharraren harira.

Egun pozgarria izan behar zuena gazi-gozo bihurtu zitzaigun lehengo larunbatean. Ikasturte osoan zehar lan egin dugu, bai guk eta baita Loatzo musika eskolako ikasle eta irakasleek ere aurreko asteko kontzertua prestatzeko.

Apirilaren 25a erdizka esnatu bazen ere, azkenean euriari aurre egin eta kontzertua kalean ematea erabaki genuen. Kontzertua hasi eta gutxira, baina, zorigaiztoko istripua izan genuen. Haizeak agertokiko egitura bat bota zuen eta Loatzo musika eskolako musikari bat zauritu zuen. Eta gure ilusioak korapilo bat egin zigun barruan. Zorionez, Loatzoko ikasleak zauri larririk ez zuen izan eta 45 bat minutuko etenaren ondoren kontzertua ematea erabaki genuen.

Gure eskerrik beroenak eman nahi genizkioke egun horretan publikoan egon zen jendeari, egoeraren larriaren aurrean lasaitasunez eta pazientziaz erantzuteagatik. Baita etenaren ondoren ikasle guztien lana txalotzeagatik ere. Une gogorrak bizi izan genituen eta zuen erantzuna eredugarria eta eskertzekoa iruditu zitzaigun.

Bide batez, musu potolo bat eta besarkada bat zauritua suertatu zen ikasleari ere. Orion jo ezin izan zenituen akordeak, maiatzaren 23an Zizurkilgo kontzertuan entzungo ditugu, oraingoan, denok elkarrekin.     

Danbolin Musika eskolako ikasle eta irakasleak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!