Galderak eragitea, erantzun egokiena

Karkara 2016ko ots. 3a, 13:00

Herri euskaldun peto-petoa imajinatzen dugu Aia, ia erabat euskaraz egiten dena. Joxe Anjel Aldai herritarrak Aiako kale eta leku publikoetako ahozko hizkuntzaren erabilera neurtu du, eta ia laurdenak. %23,84ak, gaztelaniaz hitz egiten du.

Hogei urte atzera eginez gero, Aian argazki guztiz ezberdin bat aurkituko genuke, nola  euskararen erradiografiari erreparatuz gero, hala egoera sozio-ekonomiko kulturalari dagokionez.

Aldaketa horren erretratua egin nahi izan du Joxe Anjel Aldai Arrillagak. Masterreko azken lana egin behar zuela aitzakia hartuta, Aiako kaleko eta leku publikoetako ahozko hizkuntzaren erabilera neurtu du.

Datuak biltzeko 151 elkarrizketa entzun ditu Aldaik. Soziolinguistikako klusterrak dituen irizpideak ibili ditu bai elkarrizketatuen adin-tarteak ezartzeko, bai laginak ebaluatzeko. Ondorio potoloak ateratzeko sakonago aztertu behar dela aitortu duen arren, eta aurretik analisi mardulik egin ez den arren, lortutako datuek euskararen termometroa erdalduntzen ari dela islatzen dute. Aurreko hamarkadetan baino erdaldunagoa da Aia.  Egun, kale eta leku publikoetan, euskararen erabilera %64,24koa da, gaztelaniarena %23,84koa eta kode aldaketa %11,26koa.

Erdalduntze prozesu horretan eragina izan duten faktoreetako batzuk gaitasuna, etxeko euskararen erabilera eta etxeen eraikitzea dira.

Gaitasunak eragin zuzena euskaldun kopuruan

Eustatek neurtzen du euskararen gaitasuna. Azkenengo datuak 2011koak dira, eta duela bost urte %6 ziren Aian
erdaldunak, eta beste %6a ia euskaldunak.

Euskaldun horien artean, gehiengoa, alfabetatua dago. Euskaldun alfabetatuak biztanleriaren %69a da. Gero eta haur eskolatu gehiago egon arren -1986an %10 soilik zen alfabetatua–,  euskara gaitasunak behera egin du. Izan ere, populazio orokorra hartzen da kontuan eta hor, haurrak nahiz helduak sartzen dira.

Ama hizkuntzan gaztelania nabarmen hazi da

Atzera egiten ari da euskararen erabilera etxe barruan. Hamar urtean %92tik %74ra jaitsi da erabilera. Euskarak behera eta gaztelaniak gora, %5etik %17ra. Horrek eragin zuzena du transmisioan.

Gizon-emakumeen arteko aldea, argia

Bien arteko aldea esanguratsua iruditu zaio egileari.  12 puntukoa da diferentzia. Hortaz, generoaren eragina handia dela ondorioztatu du aiarrak. Elkarrizketetak genero berekoen artean direnean, gizonezkoek, euskaraz egiten dute ia beti, %71k –emaitza orokorretan baino zazpi puntu gehiago–; emakumezkoen kasuan, aldiz, %59k –emaitza orokorretan baino bost puntu gutxiago–.

Eraiki ahala, erdaldundu­­

Aiako populazioa hazi egin da. Egun 2053 biztanle ditu Aiak. Horietako asko kanpotik etorritakoak dira, etxebizitzak eraiki direlako eta inguruko herrietan baino merkeagoa delako, besteak beste. Eta kanpotik etorritakoek, oro har, eragina izan dute erdalduntze prozesuan. Gaztelaniaz hitz egiten dute, sarri, etxean nahiz etxetik kanpo.

Horrez gain, Aiako auzoetako errealitatea ere ezberdina da. Alboko herrietatik gertuen dauden auzoetan, Santion kasu, gaztelerak presentzia handia du, %52,94. Dena den, Urdanetako egoerak hankaz gora jartzen du aurretik esandakoa, gaztelaniak %10ko presentzia baitu.

Baina ondorio nagusietako bat kanpokoen artean gaztelania gehiago erabiltzen dela da, bertan jaiotakoekin alderatuz gero, diferentzia handia da.

Heldu askok, gaztelaniaz

Haurren artean gaztelania apenas entzun du Aldaik. Haurren %91,66ak euskaraz hitz egiten du. Haurren eta helduen arteko elkarrizketetan ere, bataz beste, %77,77an euskara erabili da. Hori bai, haurrak egonagatik, elkarrizketan era aktiboan parte hartzen ez badute, behera egiten du euskarak.

Helduek, ordea, gaztelania nabarmen erabiltzen dute –datu orokorra baino bost puntu altuago–. Aipagarria egin zaion beste datu bat kode aldaketa ia guztiak helduen elkarrizketetan izatea da.

Ez erabiltzeak pobreagoa izatea dakar

Aia uste bezain euskalduna ez dela begi-bistakoa da datuak begiratuz gero. Beste gune industrializatuago eta handiago batzuk bezala, Aia ere erdalduntzen ari da, azaldu du Aldaik. Atzera egiten ari da. Ez bakarrik erabileran, gaitasunean eta datu neurgarrietan, baita kalitatean ere.

Kalitateak lotura estua du erabilerarekin. Gure aurrekoen ahozko euskara aberatsagoa da. Haiek erabiltzen zituzten esapideak galdu egin ditugu, hitanoa ere presentzia galtzen ari denaren susmoa du Aldaik. Oso nabarmena da hori: gero eta gutxiago erabili euskara, pobreagoa izango da.

Eta pertzepzio hori du Aldaik. Euskara kalean protagonismoa galtzen ari dela. Susmo hori du. Eta susmoa argitzeko, gizartea aldatzen ari al zaigu? galderaren erantzun bila duela bi urte hasi zen Aldai, 2014ko abenduan. 2015eko martxora arte datuak biltzen ibili zen; ondoren lana biribiltzen ibili zen, xehetzen, fintzen. Eta erantzun gisa galdera gehiago planteatzen ditu Aldaik: zerbait gertatzen ari al da gure herrian? Gertatzen ari bada, onerako ala kalterako da? Hizkuntza aldatzen ari bazaigu, gure harremanak eta harreman-sareak ere aldatzen ari al dira? Honen aurrean, zer egin?

Dena den, egin duen bilaketa horretan esperotakoa aurkitu duela azaldu du aiarrak: euskararen erabilerak kalean eta leku publikoetan behera egin du.

2015eko ekainaren amaieran aurkeztu zuen lana oraindik ez du herritarrekin partekatu. Eta, elkarrizketa honen bidez ezagutzera eramaten bada, irakurleari galdera horiek sortzea gustatuko litziaoke Aldairi.  Horrekin konformatzen da, lan  honekin ez baitu pretentsio handiagorik.

Lan guztia Karkara.eus webgunean irakurgai

Erreportaje honetan azaletik besterik ez dugu landu gaia, hamaika baitira Aldairen lanean agertzen diren datuak, hausnarketarako gakoak eta lerroartean atera daitezkeen ondorioak. Horregatik guztiagatik, Karkarako atari digitalean  –karkara.eus– Aldairen lana eskegiko dugu erreportajearekin batera. Interesa duenak, beraz, online izango du eskuragarri PDF formatuan.

Joxe Anjel Aldai Arrillaga: “Lan honekin daukadan pretentsio txiki bakarra ezagutaraztekoa eta jendeari galderak sortzekoa da”

Zein izan zen ikerketa lan honen abiapuntua?

Funtsean, uste dut, kuriositateagatik izan zela, baina baita kezkagatik ere. Sumatzen dut, nahiz eta zoritxarrez asko ez den komentatzen, nahikoa nabarmen aldatzen ari dela herria. Ez onerako, ez txarrerako. Aldaketa hori saiatu naiz islatzen, izan ere, azken hamabost urteetan, aurreko hamarkadetan ez bezala, herria aldatzen ari da eta aldaketa horiek, antza, eragina dute erdalduntze prozesuan.

Hortaz, duzun kezka edo ardura hori plazaratu nahi duzu. Herritarrak gai honen bueltan hizketan jarri.

Aurretik ez da kaleko euskara neurtu, sekula. Daturik ez daukagun arren, pertzepzioa dut gutxiago erabiltzen dela. Gogoa eta esperantza daukat eskolaren eskutik-edo, nolabait, lanaren berri emateko gurasoei.

Eskolaz ari garela... guraso batzuek eskolako irakasgai batzuk gaztelaniaz emateko eskakizuna egin zuten. Zergatik izan daiteke, gaztelaniaz moldatuko ez direnaren konplexua dutelako?

Ez naiz egokiena horretaz hitz egiteko, nire ideiak ditudan arren. Konplexua baino gehiago ezjakintasuna dela esango nuke, irudipena beren seme-alabak Aiatik kanpo gaizki moldatuko direla. Gaztelaniaz motel dabiltzala euskara soilik
egiten dutelako. Baina batak ez du bestea kentzen. Iruditzen zait erabat euskaraz eskolatzea fundamentala dela,  hizkuntza horretan erabateko garapena eta funtzionaltasun osoa izateko. Erdipurdi eskolatutakoak arazoa izango baitu. Nire jenerazioan gertatzen da hori, asko ez baitira gai euskarazko egunkaria irakurtzeko.

Eskolako gurasoek alderantzizkoa esan dezakete.

Erabat demostratuta dago, gerora ere gaztelaniaz hitz egiteko gaitasuna izango dutela. Batetik, haurrak direnetik hitz egiteko gaitasun minimoa dutelako; eta, bestetik, hainbat iturritatik gaztelania jasotzen dutelako: eskolan, telebista , internet... Kezka hori zilegi iruditzen zait, baina ezin du bestearen kalterako izan. Hori da kezkagarria, pentsatzea gaztelania beharko dutela eta euskara ahozko hizkuntza bakarrik dela.

Eskolak ez ezik, Udalak ere lagundu dezake euskararen normalizazioan, zure kezka plazaratzen. Aian, ordea, ez dago euskara teknikaririk edo herriko talde eragilerik. Hutsune hori ikusten duzu?

Inoiz ez dago soberan. Are gehiago orain. Lan honekin daukadan pretentsio txiki bakarra ezagutaraztekoa eta jendeari galderak sortzekoa da. Ez dakit Aian, daukagun biztanleria eta ditugun baliabideak kontuan hartuta, zer zerbitzuk egon
behar duen; baina, iruditzen zait, kezka gutxienez eduki behar dugula. Kezka horri bidea emateko Udalak laguntza eman behar du. Baina ez soilik udalak,  elkarte eta mugimenduek ere ardura pittin bat hartu beharko lukete.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!