Ibai Jauregi: “Gizatasunaren gainetik dago hemen interes ekonomikoa, eskala guztietan”

Karkara 2016ko ots. 5a, 11:47
Argazkiak: Causascomuns

Basque Lifeguards. Horrela izendatu dute Gipuzkoako sorosle taldea Grezian, errefuxiatuak laguntzera joan dena. Taldeko
kide da Ibai Jauregi.

Sarritan izaten dira asmo onak. Baina, maiz, beldurrak edo aurkitu dezakegunaren gaineko ezjakintasunak, aulkian eserita geratzea dakar. Asmo ona horretan gelditzen da, asmoan. Ibai Jauregi eta bere lagunak, ordea, izuak albo batera utzi, eta errefuxiatuen beldurra arintzera joan dira Greziara, iheslariei laguntzera.

Zer dela eta joan zarete Greziara?

Pasa den urtean komunikabide askori esker Grezian errefuxiatu emigratzaileek zituzten arazoen berri izan nuen. Lagunartean gai hau aipatu orduko zerbait egin genezakeela pentsatu genuen, azken urteotan jaso dugun erreskateko formakuntzaz baliatuz; eta aurrera pauso bat ematea erabaki genuen.

Salvamento Maritimo Humanitario izeneko proiektua sortzea asko kosta zitzaizuen?

Lehen bilera egitetik taldea irteteko moduan izatera hiru aste pasa ziren. Paperak egitea, beraz, ez da zaila. Hortaz gain, bi lagun aritu ginen buru belarri, 20 egunez, lanean erreskateko materialak, uretako motorra eta anbulantzia lortzeko eta horiek egokitzen.

Oztopoak izan dituzue bidean eta aldaketak taldean. Zertan zabiltza orain?

Guk sortutako Gobernuz Kanpoko Erakundeko lehendakaritzarekin bat ez gentozela eta gure printzipioak urratzen hasi zirelakoan, lehenengo bileran elkartutako 8tik 6 lagunek taldea uztea erabaki genuen.

Hortik bi egunera laukote bat –dirua gure poltsikotik jarrita– Lesbos uhartera joan ginen laguntza eskaintzera  hegal –aleta–  eta neoprenoak hartuta.

Komunikabideetan kontatzen diguten argazkia/errealitatea topatu zenuten hara iristean?

Berri gogorrak iristen dira Greziako uharte hauetako gertaeren inguruan, baina bertara iritsi arte oso zaila da benetan ohartzea zein den hemengo panorama. Astero dago uretan hildakoren bat eta hori da berrietan azaltzen dena, baina ez dugu ezer jakiten egunero hemen bizia arriskuan jartzen dutenen inguruan. Emigratzera behartuak izateko sentitu dituzten bizipenen inguruan ez da askorik jakiten. Gerra, heriotza, gosea eta beste hainbat arrazoi.

Nola deskribatu zenezake hangoa?

Etorkin uholdea! 50 pertsona inguru ontziko. 10 ontzi bataz beste egunean guk zaintzen dugun 12 kilometroko eremuan. Lesbosera ontziak iristen diren kostak 60 kilometrotik gora neurtzen du. Beraz, atera kontuak! Eta orain pentsatu hori ez dela uharte bakarra, beste bi oso aktibo daude gutxienez momentu hauetan, erokeria!

Eta zuek, nola laguntzen diezue? Ba al dago elkarlan gehiago zuek bezala hara joandako talderik?

Gure lana ontzietako jendea salbu iristen dela bermatzea da; lehorreratzen lagundu eta lehen asistentzia ematea iristea lortu dutenei, eta bidean motor edo gasolinarik gabe geratu direnen bila irtetea igeri. Kasu askotan suertatu zaigu beren bila joan beharra, gauez batez ere. Laukoteak ontzia heldu eta hegalei esker lehorreratu ahal izaten ditugu.

Sevillar eta palentziar suhiltzaileekin elkarlanean aritzen gara ordutegi berean gabiltzanean.

Zuen eguna nolakoa da?

Gaueko 22:00etan jaiki, gosari-afaria egin, neoprenoak jantzi eta 23:00etarako kostaldean izaten gara, lanean, hurrengo eguneko eguerdira arte. Bukaera ordutegia ontzien etorriak markatzen digu. Eguna bukatzeko bazkaldu eta lotara.

Aurreko Karkarako iritzian, zorigaitzetik negozioa egiten dutenik badela aipatu zenuen. Ikusi duzue horrelakorik?

Turkiako mafien berri ugari ematen digute etorkinek. Pistolapean behartzen dituztela ontzira sartzera eguraldi txarragatik ontziratzera ausartzen ez direnak. Ontzi fabrikak, txalekoenak, Greziako hotel, taxi eta dendek ere aprobetxatzen dute hainbeste jenderen beharra prezioak egunetik egunera igotzeko. Gizatasunaren gainetik dago hemen interes ekonomikoa, eskala guztietan.

Beren bizipenak ere kontatzen dizkizuete, hortaz.

Bizipenak kontatzen dizkigutenean bihotza hunkitzen digute, eta esker ona azaltzeko minutu bateko besarkada ematen badizute, ez duzu asmatzen nola azaldu sentitzen duzuna. Oso esker oneko jendea da eta lanean aritzeko indarrak ematen dizkigu. Zoragarria da hartu-emana.

Duela hilabete batzuk komunikabide guztietan hizpide zen errefuxiatuen egoera, orain ia ez da agertu ere egiten. Horrek eraginik ba al du laguntza humanitarioan?

Gero eta jende gehiago dago hemen lankidetzan eta komunikabideek beren lana ongi bete dute. Sevilla eta Palentziako suhiltzaileek gure berri egunkariz izan omen zuten eta horri esker animatu ziren hona etortzera.

Berriak saldu behar dira eta hemen ez dago horrelakorik. Hau eguneroko historia da, beraz, ulertzekoa da hainbeste
ez aipatzea.

Etxean egon zarete egun batzuk. Nolakoa izan da etxera itzultzea? Eta orain berriz Lesbosera joatea?

Hiru astez aritu ginen lanean eta etxerako buelta gogorra izango zela uste genuen. Bigarren bidaia antolatzen hasi
ginen talde berriari itxura emanez. Basque Lifeguard gisa ezagutzen gaituzte Grezian eta facebooka sortzea erabaki
genuen bertakoekin kontaktuari eusteko. Anbulantzia eta uretako motorra lortu genituen, berriro ere, eta horiekin
etorri ginen berriz Greziara . Ez dugu beste ezertarako astirik izan, beraz, etxean egon ez bagina bezala izan da. Ez da erraza hemendik deskonektatzea.

Garrantzitsua al da han gertatutakoaren berri ematea?

Lesboseko berri izan ez bagenu ez ginateke hemen izango. Hemengo berri eman behar genuela pentsatzen genuelako sortu genuen facebooka, bertan ezagututako argazkilarien lanak erakutsita jendeari historia hau azaltzeko.

Noiz arte egongo zarete han?

Urtarrilaren 11n irten ginen Oriotik eta 14an iritsi ginen, hilabete osoa pasatzeko asmotan gara. Elkarrizketa aprobetxatuz, agur bero bat eta besarkada bat bidaltzen dizkizuegu taldekideok lagundu eta animatu gaituzuen guztioi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!