Otsailaren 6a zen, larunbata, negua udaberriz mozorrotuta etorri zitzaigun, epel-epel. Arratsaldean futbol partidua Mendibeltzen: Orioko F.T-Keta. Partiduaren atsedenaldian, mutil gazte ilehori aleman itxurako bat ikusi genuen aurrean pasatzen, kaki koloreko eta kutsu militarreko alkandora zeraman soinean, boy scouten zapia lepoan zintzilik, nazien gurutze gamatu handi bat besokoan, esbastika beldurgarria, Hitlerren apologia nabarmena eginez. Susto handia hartu genuen, baten bat haserretu ere bai: inork ez al du atxilotu behar!
Bigarren denboran sartuta, getariarren aldeko batek hauxe oihukatu zuen: Gora Keta!, eta belarrian horrelako zartada bezalako bat eragin zigun, joandako denboretako oihuen oihartzuna; eta pentsatu nuen: letra bat gora-behera, gaizki ulertzen baditek, hi ere eramango haute!
Gero konturatu nintzen, zelaitik atera eta mozorroz jantzitako ume jendea ikusten hasi nintzenean, klaro, inauteritan gaudek eta gazte nazia ere neguko eguraldia bezala mozorrotuta zitxian, eta Gora Keta! zioenak ere inauteriko esaldi tranpa bat bota zigun, txantxetan. Ez dakit zergatik Getari, joiok zakila paretari etorri zitzaidan gogora. Orduan ulertu nuen dena, orduantxe lotu nituen nire baitan egun hartan gertatu zitzaizkidan beste gauza xelebre guztiak ere. Goizean Berrian Anjel Anduri irakurri nion Aian ahia ahitu egin zela, eta konturatu nintzen Anjel ere mozorroturik txantxetan ari zitzaiela aiarrei, Zarauztik sustoa eman nahian. Bazkal ondoren, eta Mendibeltzeko partidura joan aurretik, norbaiti entzun nion bi artista txotxongilo zale atxilotu egin zituztela Madrilen, haien txotxongilo batek pankarta batean Gora Alka Eta jarrita zeukalako. Orduan konturatu nintzen inauterietan ginela eta, jakina, atxiloketa hura txantxetan zela eta kaleko artista haiek askatu eta pankartako hitzetan erakutsitako grazia aparta saritu egingo zietela.
Hurrengo egunean jakin nuen ez zituztela askatu, baizik eta kartzelara eraman, eta zenbait jende haientzako zigor gogorra ari zela eskatzen, serio zihoala hura dena, alegia atxiloketa ez zela izan inauteriagatik. Eta zeharo nahastu nintzen eta pentsatu nuen hortaz, laster etorriko dituk Mendibeltzen ikusi nuen gazte naziaren bila, eta Gora Keta! oihukatu zuena atxilotzera, eta beharbada Anjel bera ere bai… Aurten urte osokoa dugu inauteria. Gora inauteriak!