Pare-pareko

Eli Manterola 2016ko ots. 29a, 14:34

Lantokian ekimen pilotu bat jarri dute martxan. Helburua, hitz potoloekin labur esanda: emakumeen lidergo ahalmena eta autolidergorako trebetasunak garatzea. Izan ere, erantzukizun postuetan gizon askoz gehiago omen dago gurean emakumeak baino. Programan izena eman edo ez pentsatzen aritu nintzen. Hasiera batean, ez dirudi aukera txarra, profesionalki garatzen lagunduko dit eta. Bestetik, baina, ez zait justua iruditzen nire adin bereko eta antzeko profil profesionala duen lankide batek, mutila izanagatik, lidergoari buruzko formakuntza jasotzeko eskubiderik ez izatea. Berdintasun eta parekidetasun eztabaidetan, planteamendu sinplista samarrak erabiltzen direla iruditzen zait sarritan, femenino eta maskulino dikotomia betikotzen dela, horri aurre egin ordez. Feminista usteko zenbait diskurtso matxismoaren ordain eme bihurtzen dela.

Ekimenari buruzko nire zalantzak azaldu nizkion lankide bati. Hezkuntza mistoa izanda ere halako ikastaroak antolatu behar izatea ez dudala guztiz zilegi ikusten esan nion, eta hark izango ez da bada, beharrezko! Emakumeok beste modu batera egiten dugu lan eta halakoak esanez hasi zitzaidan. Diskurtso sinplista samarrari tiraka, alegia. Beste bi lankideri ekimenaren berri eman orduko ni ez naiz feminista erantzun zidaten. Uf! Izango ez dugu bada zer hobeturik! Hasteko eta behin, bada garaia terminologia egokitu, feminismoaz baino parekidetasunaz hitz egiten hasi, eta ahalik eta aldeko jende gehien biltzeko!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!