Tasen %92ko igoera salatu du EH Bilduk

Karkara 2016ko mar. 4a, 08:04

Eskualdeko EH Bilduko ordezkariak bildu ziren martxoaren 3an Zarautzen, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak eskualdean goi-kudeaketaren tarifa igo duela salatzeko. 

Urola Kostako EH Bilduko zinegotziak bildu dira Zarautzen. Hitza hartu zutenak Ibon Gereka eta Mikel Goenaga izan dira, Getariako eta Zarauzko zinegotziak, hurrenez hurren. Mezua argia zen: GHKk %92 igo du gure eskualdean organikoaren goi-kudeaketaren tarifa. Horrelako neurri batek kezka sortzen du Urola Kostako EH Bildun.

Kezka horren aurrean kexu dira. Hondakinak bereizteko sustatze politikak bultzatu beharrean, bilketa sailkatuan egin beharreko lana zapuzten dute, dio Goenagak. Pasa den abenduaren 22an hartu zuten ondorio hori dakarren erabakia. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak –GHK– 2016 urterako hiri hondakinen goi kudeaketa zerbitzuak eskaintzeko tarifa onartu zituen.

Errefusa 131,15 eurotik 157,38 eurora

Errefusaren goi-kudeaketarako tarifa 157,38 eurotakoa izango da aurrerantzean, eta kopuru horri %10 BEZa gehitu behar zio. Hau da, %20ko igoera izango du orain arte indarrean egon den tarifarekin alderatuta. Aurreko tarifaren arabera 131,15 euro ordaintzen ziren; orain, 157,38 euro ordaindu beharko dira.

Organikoak %92ko igoera

Bio-hondakinen edo organikoaren goi-kudeaketa tarifa, berriz, 125,89 eurotan ezarri dute, azaldu du Goenagak. Prezio horri %10eko BEZa aplikatu behar zaio. Aurreko tarifa 65,57 eurokoa izanik, %92ko igoera izango du birziklagarria den hondakin mota honek.

Zarauzko EH Bilduko bozeramailearen hitzetan EAJ eta PSE-EEk Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioan erresufa eta organikoa ia maila berean jarri ditu tarifetan. Orain arte hondakinak ongi bereizteak fiskalitatean eragin positiboak zituen herritarrengan, organikoa tarifetan saritu egiten baitzen. Orain, ordea, organikoari ia %100 igoera ezartzen zaio, errefusarekin parekatzeko.

Urola Kostako EH Bildun kezka sortu du neurria, hondakinak bereizteko sustatze politikak bultzatu beharrean, hondakin tarifa guztiak parekatu baitira, azaldu du Gerekak. Eta gaineratu du: sailkatzearen beharra galtzeaz gain, ez da bereizketarik egiten hondakinak behar bezala bereiztu eta birziklatzen dituenaren eta ez dituenaren artean, eta neurri horiekin bilketa sailkatuan egiten den lana ezereztatu nahi da.

Noren poltsikotik ordainduko da?

 

GHKk ezarritako tasa igoerak isla izango du Udaletan. Horregatik EH Bilduren kezka bikoitza da: batetik, osasunarentzat neurri kaltegarria delako; eta, bestetik, gure poltsikoentzat ere kaltegarria delako. Udaletan onartuta daude 2016 urteko tarifak, baina tarifa aldaketa hauek noizbait aplikatu egin behar dira. Une horretan udal bakoitzak erabaki beharko du nola kudeatuko duen igoera.

Urola Kostako Mankomunitateari atea jo dio EH Bilduk. Teorikoki, behintzat, bat egin dute birziklapen politikak areagotzeko beharrarekin eta GHKk inposatutako tasa berri hauek erabat kontra datoz mankomunitateak erakutsitako borondatearekin, azaldu dute. Horregatik, igoera honi aurka egiteko neurriak hartzea eskatu dio EH Bilduk mankomunitateari.

Orain arte, bai mankomunitatearen, bai Eh Bilduren apustua birziklapenaren aldekoa izan da eta horri eutsi nahi diote aurrerantzean ere. Horretarako erakunde guztiei elkarlana eskaintzen dietela argitu dute.

Errauste plante egon liteke igoeraren atzean

Zergatik igo dizkie EAJ eta PSE-EEk, GHKren bitartez, zergak udalei? Galdera egin dute zinegotziek prentsaurrekoan. Igoera honen atzean Zubietako errauste planta dagoela begi-bistakoa da, erantzun dute berak. Diputazioak errauste plantaren proiektua berta behera utzi zuen herri eskaera bati erantzuten. Galditzearen arrazoien artean osasun-arriskuaz gain argudio ekonomikoak zeuden. Eta alternatiba ere jarri zen mahai gainean. EH Bilduk proposatzen zuena tratamendu mekaniko-biologikorako planta jartzea zen. Horrek 64 milioi euroko kostua izango luke eta hobariak izango lituzkete birziklatzen zutenek.

EH Bilduren ustetan, EAJ-PSEk errauste plantaren alde egitean zigortu egiten ditu birziklatzen dutenak. Eta, horrez gain, 300 milioi euroko kostua izango luke errauste planta egiteak. Erraustegia finantzatzeko, 2011n, swap deituriko kontratua sinatu zutela azaldu dute. Zorpetze erraldoi batean sartu ziren EAJ eta PSE. Bestalde, Diputazioak sekulako dirutza ordaindu behar dio Cantabriari hondakinak eramateagatik

EAJk eta PSE-EEk hondakinak erre nahi dituztela azpimarratu dute prentsaurrekoan, behin eta berriz. Eta, bide horretan, lehen erabakia tasen igoera izan da, hau da, errauste-tasa bat ezartzea, irizten dio Goenagak. Gainera, errauste plantarekin aurrera egiten badute, honen eraikuntza ere denon artean odaindu beharko genuke.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!