Etxetik urrun, etxeko lanak egitera

Karkara 2016ko mai. 2a, 14:34

14 urterekin utzi zuten etxekoen altzoa oriotar eta aiar askok neskame lanetan aritzeko. Kaxilda Tolosarekin, Itziar Olariagarekin eta Maria Illarramendirekin bildu gara, etxetik kanpo bizitako esperientziaren inguruan hitz egiteko.

Larre motzean hezitako askok belar onean hazten ari zirenen etxera jo behar izan zuten, neskame. Etxeko atea jo eta etxeko andre bila zebiltzan horien altzora joan behar izan zuten batzuk, familiaren habia utzita. Ate joka ibili ziren beste batzuk, atea zabalduko zien baten baten bila.

Gaztarorik bizi gabeko gazteak

Mariak 14 urte zituela aita joan zitzaien Illarramenditarrei. Kasik, doluminak ematera joan ziren bi lagunen gisan agertu ziren etxean. Sei seme-alaba haztearen eta hezitzearen karga arintzeko zaharrena etxetik kanpora eramateko proposamena egin zioten alargunari. Pisu bat kentzeko berak eramango zutela esan zioten, ikastera eramango zutela. Ikasketa gutxi, baina ikasi asko egin zuen Mariak Getxoko Gaztelueta eskolan bizitakotik. Hil horretan bertan joan zen Maria Opus Deiko eskolara. Lehen hilabeteetan bakarrik izan zuen tarte txiki bat ikasteko.

Frantzesa ikastera joan zen Itziar Olariaga Baionara, 13 urte zituela. Zegoen gutxiarekin hezitakoa zen Olariaga eta dirudunen eskola batera joan zen. Kate motzean lotuta nengoen, etxean ez baitzegoen dirua soberan, azaldu du Olariagak. Eta horrek eragina izan zuen kanpora joatean, lanaren truke ikasteko aukera izan baitzuen. Soldatarik ez genuenez, azkenean gastua ginen gurasoentzat.

Kaxilda Tolosa ez zen ikasteko asmotan joan neskame. Hasieran Zarautzen izan zen, baina esperientziak garratzetik asko zuenez maleta egin eta herritik hirirako bidaia egin zuen. Donostiara joan zen. Horrelako esperientziekin asko ikasten da. Baserrian geratuz gero, ez nituzke ikasi ditudan gauza asko ikasiko. Helburu horrekin joan zen Tolosa Donostiara, esperientzia berriak bizitzeko eta horietatik ikasteko.

Etxeko andreen neskame

Zintzo demonio bete behar izaten zituen numerario eta super numerarioen esanak Illarramendik, eta ez ziren historia edo aljebrako lezioak izaten haien ahotatik ateratakoak, zoko guztiak garbi-garbi uztekoak baizik. Garbitzeaz, sukaldean laguntzeaz eta guztia presto izateaz arduratzen zen Tolosa Rodil jatetxean.  

9-10 laguneko taldetan egiten zuten lan Baionako eskolan. Maila ekonomiko altuko ikastetxea zen. Olariagaren taldearen ardura jangela zen. Goizean goiz hasten ziren lanean, 7:00ak inguruan. Eguerdian, bazkal ostean, bi orduko eskola izaten zuten. Eta gero, berriz, lanera itzultzen ziren. Afalordua baino lehen ere ordubete izaten zuten ikasteko, baina gero afaria prestatu behar izan zuten.  Diziplina handia eduki behar izaten genuen, aitortu du Olariagak.

Diziplina handiko lana zen Tolosarena ere. Garbitzeaz, sukaldean laguntzeaz eta janaria Anoetan banatzeaz arduratzen zen, besteak beste, Rodil jatetxean. Gogorra zen lana, eta gogor hartzen zieten nagusiek ere. Lanean urte mordoa zeraman jendeak utzi egin zuen. Familiako negozioa zen, senar-emazteak eta koinatua zeuden lanean. Eta horrelakoetan, badakizu, beti saltsa, laburtu du.

Hautsak harrotu zitezkeen tokian, hautsa garbitu

Goizeko 7:30ean jaikitzen ginen. Tunel batetik gizonezkoen eremura joaten ginen, berak elizan zeuden bitartean, ezin baikenuen elkar ikusi, azaldu du Illarramendik.Tunel batetik?, galdetuko duzue. Bai, bai; tunel batetik. Pasabideak batzen zituen emakumezkoen eta gizonezkoen eraikina. Tunelaren erdian logela txiki bat zegoen; eta logelan, ohe bat. Ohe bat? harridura handituko zitzaizuen, ziur. Bai. Besterik ez zuen, argitu du Illarramendik. Umea nintzen hori ikusi nuenean, baina...

Eten puntu ugari izan ditu Illarramendiren solasaldiak, tunelarena ez baita gogoan duen arrakala bakarra. Oroitzen du emakume eta gizonezko asko herri berekoak zirela eta adin tarte antzekoa zutela. Horri ere susmo txarra hartzen dio, kasualitatea ez dela uste du.

Olariagaren eskola mojena izanagatik, ez zen sekula moja izateko lotua edo behartua sentitu. Nola ba, ginenarekin! Portaeran beti nota txarra jartzen zietela kontatu du. Gu ez ginen lo gelditzen.Mojak ezezkoa emanda ere, gure artean arrazoirik ez zuela pentsatzen bagenuen, lortu arte saiatu eta saiatu aritzen ginen.

Zelebrekeria batzuk aipatu ditu: ez dut gogoan astebete edo hamabost egun ziren, baina tarte horretan ezin izaten genuen mojekin hitz egin. Zaila izaten zen hori guretzat... Isilean gauza gutxi gordetzen zituzten Olariaga eta lagunek. Mojei ezizenak jarri eta zirikatzen aritzen baitziren. Gustuko ez zuten jana paperean bildu eta komun zulotik botatzen zutela ere kontatu du. Txokolatea ere gordetzen zuen, baina ez botatzeko, gehiago jateko baizik. Merienda guk prestatzen genuen. Txokolatea izaten zen. Prestatzeaz gain jateaz ere arduratzen nintzen. Patrikan gordetzen nuen, besteei ere banatzeko, kontatu du.

Lotura asko eta askatasun gutxi

Denbora librea apenas izaten zuten. Eguna lanean pasatzen nuen, aitortu du Tolosak. Jatetxeko lanak ez ezik, etxean ere lagundu behar izaten baitzuen aiarrak.

Lanerako bizi ziren. Egun argitan jaiki, eta gosaldu orduko lanerako pronto zeuden, iluntzera arte. Lana besterik ez zuten egiten Opus Deiko eskolan ere. Tutore bat zuen bakoitzak, eta Illarramendiri tarteka eskolatik ateratzea egokitzen zitzaion, bere begiralearen lana erosketak egitea baitzen.Azokarako bidaiak Illarramendiri autoestimua igotzeko eta parekorik ez zuela sinistarazteko erabiltzen zituen. Labur esanda, Opuseko kide izatera animatzeko; bere hitzetan, burua jateko. Guk garbi ikusi ez arren, Jaungoikoak hori eskatuko zigutela zioten.Isilagoak ginenoi etenik gabe esaten zizkiguten horrelakoak.Berak irmo esaten zuen ezetz. Traba gisa mutilak gustatzen zitzaizkidala esaten nien, baina hori horrela izanda, Opuseko kide izateak balio handiagoa zuela erantzuten zidaten.Ez zegoen balio zien aitzakiarik.

Mutilekin hitz egiteko ere oztopoak zituztenez, gezurretan ibili behar izaten zuten Getxoko Gaztelueta eskolan. Neskame joan aurretik mutil bat ezagutu nuen Eibarren, hara joaten bainintzen udan, amona bisitatzera. Izebak helbidea eman zion, baina mutilek ezin ziguten idatzi. Orduan, neska balitz bezala idazten zidan. 

Tolosak izaten zuten aukera haizea hartzeko, baita mutil lagunarekin elkartzeko ere. Hara joan aurretik topatu nuen bikotekidea, Erretzabal baserrikoa. Tarteka Oriotik Donostiara etortzen zen, bisitan. Gero, neskame izateari utzi eta ezkondu egin zen. 27 urte nituen, banuen ezkontzeko garaia. Ezkondu eta etxean lan egitea egokitu zitzaion. Senarra arraunlaria zen. Aitak begi onez ikusten zuen hori. Aitzakia horrekin niri egokitzen zitzaidan etxean lan gehien egitea. Jatetxean ikasitakoak praktikan jartzeko ere balio izan zion, tarteka sukaldean aritzen baita oraindik ere.

Betirako marka

Halabeharrez utzi zuen Baionako eskola Olariagak. Bi urteko egonaldiak egiten zituzten, ezin gehiago. Azkenerako alde egiteko gogoa bazuen ere, irribarrearekin gogoratzen ditu garai hurak: ni oso pozik egon nintzen, gustura. Joan behar nuenean denentzat pastelak enkargatu nituen aurreztutako diruarekin. Mojak harrituta gelditu ziren, kontatu du.

Asko ikasi zuten bizitakoaz. Gaiztakeria asko egiten ere ikasi nuen han, barrez Tolosak. Laneko kontuez gain bizitako esperientziak ere ikasgai asko eman zizkiola aitortu du aiarrak, ez da damu Donostiara joateko erabakia hartu izanaz.

Erabakiaren dolurik ez duen bestea Olariaga da. 16 urte nituen alde egin nuenean eta, besteak beste han ikasitakoagatik, berehala hasi nintzen lanean. Asko ikasi zuela dio: arduratsua eta autonomoagoa izaten ikasi nuen.

Opusen eskolara joan aurretik elizkoia zen Illarramendi. Neskame sartu zenean ikusitakoak elizatik urrundu zuen. Ordutik, elizarekin nituen harreman guztiak hautsi ditut.  Handik ateratzeko, ordea, lotura horiek hausteko, traba ugari izan zituen. Ez zidaten ateratzen uzten, joan ezkero bueltatuko ez nintzen beldurrez.  Orduan harritzen hasi nintzen, eta, hain justu, hori egin nuen. Ama gaixo zegoela esan, gezurra bazen ere, eta Oriora etorri nintzen, ez itzultzeko, kontatu du Illarramendik. Bila etorri zitzaizkion handik gutxira, bueltatzeko eskatzen. Erregutu arren, ez zuten lortu Illarramendik etxekoen altzoa uztea. Orion gelditu zen, gaur arte.

Goitik behera aldatu dira garaiak

Diruz pobreak asko ziren duela 50 urte inguru. Familia asko. Illarramenditarrak sei senide ziren eta eskolara joan aurretik zerrategira joaten ziren lan egitera. Gero, zaharrena, Maria, neskame joan zen. Han gutaz aprobetxatzen zirela sentitu arren, ez nintzen horren gutxietsia sentitzen. Herrian gelditu zirenak eskabetxeriara joaten ziren hamabi urterekin-eta egiten zuten lan.

Olariagaren ama ere eskabetxeriara joaten zen, Eguberritan. Aitak bi edo hiru lan zituela aitortu du. Horrez gain, udan oheak alokatzen zituzten, dirua lortzeko. Gazte-gaztetatik guztiek egiten zuten lan lehen. Tolosak ere etxean egiten zuen lan, baserrian; neskame joan baino lehen, baita geroa ere.

Gazte ginenean egoera bestelakoa zen. Eskola ere 14 urterekin bukatzen genuen. Garaia ezberdinak ziren, ez dago alderatzerik, dio Olariagak. Nik uste dut mutur batetik bestera joan garela, dio Illarramendik eta gaineratzen du: uste dut ez gaudela ondo ez mutur batean eta ez bestean. Gaur egun ere astakeria ugari entzuten direla aitortu du Tolosak. Bera, behintzat, harrituta gelditzen da telebistan ematen diren albisteekin. Gerra bizitakoa bada ere, oraingoa ere ez dela batere sanoa dio.

Hirurei etxetik kanpo neskame lanetan bizitakoak eskarmentua eman zien. Ikasgai handia izan zen. Etxea dirdiratsu uzten abilak dira geroztik; baina, horrez gain, bizitzaren kontu txikiei dirdira ateratzen ere ikasi zuten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!