Eskertuz, aurrera begiratuz

Karkara 2016ko mai. 2a, 12:34

Onintza Olaizola

Erraza bezain zaila da eskerrak ematea. Jasotzea gustatzen zaigu, baina kosta egiten zaigu ematea. Nik, horrela hasi nahi dut gutuna, arraunean aritu naizen sei urtetan bidelagun izan ditudanei eskerrak ematen.

Zazpi urte dira Orion lehen aldiz emakumeen trainerua uretaratu zela. Garaiko emakumeen gogo eta indarra ezinbestekoak izan ziren, baina klubak mirotzen leinuan lekutxo bat egiteko asmorik izan ez balu, ezinezkoa litzake ni eta beste hainbat neska familia honen zati izatea. Beraz, eskerrak klubari pauso txiki eta, aldi berean, erraldoia emateagatik. Baina, esker berezienak gure barnean beren ubera paladaz palada utzi eta arraunerako grina piztu ziguten arraunlariei. Hasierak dira proiektu ororen garai gogorrenak, hortaz, eskertzekoa da proiektu zoroaren  karga beregan hartu zuen Antxon Belokiren ausardia.

Baina, niri eta nesken arraunari gehien eman dion eta, nire ustetan, merezi duen esker gabe arraunaren mundutik urrundua izan den gure entrenatzaile Klaudiori eman nahi dizkiot nire eskerrik beroenak. Berekin igaro ditugu emakumeen arraunaren historia eraikitzen jardundako zazpi urtetik bost.

2011n etorri zen Klaudio gurera. Gu, oraindik gure lekua zein zen ez genekien emakumeak ginen. Ausardia, gogoa eta motibazioa ez zitzaizkigun falta; baina gure buruan sinestea, baloratzea eta arraunlari sentitzea falta zitzaigun. Eta gaur, inoiz baino argiago daukat arraunlari garela, eta hori sinistea ezinezkoa litzake Klaudiogatik ez balitz. Klaudiok aski ongi jakin du guri konfiantza hori sentiarazten, bere bertute handiena gizon eta emakumeen arteko desberdintasunez jakitun, guri pertsona eta arraunlari gisa balioan jarri baitigu. Gure eskubideak gizonezkoen parean jarri ditu.

Klaudiok jakin bazekien denbora ez zela berdin igaro nola mutilentzat, hala neskentzat; baina kontziente zen gauza handiak lortzeko gai ginela. Desabantailan jokatzen genuela begi bistakoa zen arren, unean unekoa exijitzen eta ematen, arraunlari sentiarazi gaitu. Hazten joan gara, izerdi asko isuri dugu; eta hazi ahala, beharrak sentitu ditugu. Laguntza behar izan dugu. Gure arraunkideek izan ditzaketen behar berak asetu nahi izan ditugu pixkanaka, baina, ohi legez, guztiek ez dute nire ikuspuntu bera.

Gai honen harira, azken urtetan, klubaren eta neskon artean eztabaida piztu da. Izan ere, gu, arraunlari sentitzen gara eta klubak, oraindik, arraunlari emakume gisa ikusten gaitu. Nesken arrauna indartzeko prozesuan erritmo ezberdinak eraman ditugu klubak eta gure tostak, eta horrek sufrimendua eragin digu bi aldeoi. Gatazka horien ondorio askok arrauna utzi dugu, ez baikara asetuta sentitu. Baina, nire honetan galdetzen dut, noiz izan da txarra gehiago nahi izatearen gosea? Inork ez du sekula arrazoi osoa, beraz, ez nuke inola ere Orioko klubeko boluntarioen lana gutxietsi nahi. Ikaragarria da egiten duten lana.

Jada arraunlari ez naizen arren, Orioko emakume arraunlariak ahizpa sentitzen ditudan honen larrutik, beste hau ere eskatzen dizuet: beharrak berdinak ditugula ohartu, bioi berdin baloratu, material berdina eskaini eta traineruen arteko parekidetasuna lortu. Bide horretan, Orio Arrauketa Elkartearen webguneko historiaren atalean, kostata uretaratutako emakumeen trainerua gehitzea izan daiteke lehen urratsa. Etorkizunean bada ere, egungo haurrek duintasunez arraun egitea gustatuko litzaidake, burua tente eta bihotza hori.

Neskak, maite zuen burua, errespetatu eta ez konformatu. Aurten bai!

Zuzendaritza, klubaren printzipioak izan daitezela denentzat berdin, ez egin faboritismorik zuen seme-alaben artean. Orio, jantzi estropadak horiz, dakizuen moduan, eta herriko mutilak animatzeaz gain neskek ere animatu. Herriren batek horrenbesteko afizioa badu, zuenak du eta.Klaudio, esker mila gu arraunlari egiteagatik, gugan sinesteagatik. Egungo taldeari, eskerrik asko emakume askoren ametsarekin jarraitzeagatik. 

Izan zirelako izan gara, izan garelako zarete, eta zaretelako izango dira. Mila esker denoi, mila esker Klaudio! Eguzki printzek, urrez jantzia, garaiz mina darama leia ontzia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!