Benito forever

Zaharragook ez diegu transmititzen jakin gazteagoei, antza, zer artista puska den Benito.

Uda honetan egin dudan gauza atseginetako bat Benito Lertxundiren kontzertu batera joatea izan da. Baziren urte batzuk azkena entzun nionetik, ez hainbeste hala ere, eta uste dut esan daitekeela, okertzeko inolako beldurrik gabe, urteak aurrera ahala bere burua gainditzen duen artista dela, eta gero eta ikuskizun ederragoak eskaintzen dituela, erloju suitzar baten zehaztasunez funtzionatzen dutenak, daramatzan instrumentista eta ahots laguntzaile aipagarriekin. Gauza bakar bat ez zitzaidan gustatu kontzertuan: ikustea ni nintzela, entzuleen artean, gazteenetakoa. Zaharragook ez diegu transmititzen jakin gazteagoei, antza, zer artista puska den Benito; edo beharbada belaunaldien arteko talka betikoa baino ez da; edo agian gure ohiko fribolitateaz eta inbidiaz saiatu gara Benitoren dirdira amatatzen. Kontuak kontu, nago jende askok, gehiegik, haren ibilbidearen une batean edo beste batean Lertxundiren jarraitzaile izandakoak, ez dakiela zertan ari den gaur egun, duela hogei edo hogeita bost urte jada onenak eman zituela uste duelako; eta gaur haren kontzertu bat entzungo balu flipatu egingo lukeela.

Gure esnobismoak ez dauka mugarik: gure ohiko bidaia horietako batean, zer esanik ez estaturik gabeko nazio horietako batera balitz –Bretainia, Eskozia, Irlanda, Flandria–, Orioko kantariaren mailako artista bat entzutea suertatuko balitzaigu, etxera bueltan hari buruzko aipamenak antipodetan ere entzungo lirateke. Bertan edukiz gero, putza. Lertxundi bera izango da, hain segur, huskeria hauengatik gutxien kezkatzen denetakoa. Ematen dituen elkarrizketetan aske eta suelto mintzatzen da, zuzentasun politikoaren kezkatik urruti bizi denaren antzera. Nola ez da aske eta lasai mintzatuko, ba, duela berrogei urte baino gehiagotik Zenbat gera kantatzen ari den bat. Orduan entzuten genionean gehiegikeria irudituko zitzaigun igual, eta ez genuen kasu handirik egiten. Gero, komeriak.

Oriokoaren jarraitzaile fidelek ironiaz irakurriko dituzte lerrook, beharbada. Beste musika-molde batzuetara emanago daudenek harriduraz, ausaz. Zorionez ez da falta izan, ezta ere, Benitoz ganora handiagoaz eta luzeago hitz egin duenik ere. Nik aitortu egingo dut entzun nion udako kontzertu horretan, Zenbat gera eman zuenean bi ordu eta erdiko emanaldi betearen amaieran, zerbait inarrosi zitzaidala barrutik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!