Erraustegiaren kontrako manifestazioa antolatu du GuraSOSek

Karkara 2016ko aza. 21a, 08:07

Eman bidea Osasuna eta Adostasunari lelopean manifestazioa deitu du GuraSOSek azaroaren 26an, Donostian. Aurkeztu duten hondakinen aferari irtenbidea ematen dion bide orria babestea, erraustegiaren lizitazioak gelditzeko eskatzea eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko garaiz gaudela aldarrikatzea dira manifestazioaren helburuak

Azken urteotan hondakinen kudeaketak Gipuzkoan gatazka eszenatokia utzi digu, eta gizarte eta politika zatiketa. Horrekin guztiarekin amaitu nahi du GuraSOSek eta herritarrei inplikazioa eskatu diete gai honen inguruko gatazkekin amaitzeko. Herritarren inplikazio pertsonala behar-beharrezkoa da. Eskarmentuak erakutsi digu gehiengo politikoak eta irtenbide alderdikoiak alferrikakoak direla, baldin eta gizartea zatitzen badute. Horregatik, irtenbide partekatua eskatzen du GuraSOSek, denok geure egiteko modukoa.

GuraSOSeko kideen ustetan, arazoa gehiegi politizatu izanak gizartearen urruntzea eta mesfidantza ekarri du. Propagandak informazioa ordezkatu duela gaineratu dute. Berak, hain juxtu, horri buelta ematen eta informazioa zabaltzen ahalegintzen dira, horregatik ematen diete protagonismoa adituei eta teknikariei.

Segurtasun juridikorik ez

Eta informazioa izatearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute segurtasun juridikoaren adibide batekin. Erraustegiaren proiektuak 2008an izan zuen azken berrikuspena. Eta, legez, 2014an berrikusi behar zen. Oraindik ez da berrikuspenik egin, beraz, legearen aurkako egoera batean gaudela azaldu dute GuraSOSeko kideek.

Hondakinen gaien legedia hobekuntza jarraituaren politikan oinarritzen da. Hau da, sei urtean behin hondakinen gaineko planak derrigor ebaluatu eta berrikusi behar dira.

Bideorria aurkeztu du GuraSOSek

Honi guztiari irtenbidea emateko bide orria idatzi du GuraSOSek. Hondakinen aferari irtenbidea emateko bide orria da aurkeztu duena, hondakinen arazoa konpondua eta gaia liskarren eremutik ateratzeko helburuarekin. Helburu orokor horrek zortzi helburu zehatzago hauek ditu:

1. Berehalako erabakia hondakinen kudeaketarako azpiegituren lizitazio eta kontratazio prozesuetan atzera egiteko edo haiek geldiarazteko. Epe laburrera zerbitzua emateko beharrezko diren bitartekoak kontratatzea.

2. Legeztatzea: Paraleloki premiaz ekitea Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala berrikusteko izapideei.

3. Gizarteratzea: Foru Aldundiaren baitan mahai soziala sortzea hondakinen kudeaketarekin lotutako herritar elkarte eta mugimenduen presentzia eta partaidetza bermatzeko.

4. Informazioa eta gardentasuna: Mahai tekniko bat sortzea Foru Aldundiaren baitan osasun publikoaren gaian eta hondakin kudeaketan aditu eta teknikari direnen presentziarekin, Foru Gobernuaren proposamenez, foru parlamentuko talde politikoen proposamenez eta halaber elkarteen proposamenez izendatuak.

5. Partaidetza bidezko hausnartze prozesua: 3. eta 4. puntuan aurreikusitako mahaiak Hondakinen Foru Planaren berrikuspenaren tramitazio prozedurara bilduko dira, indarreko legediak aurreikusi bezala (hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 10. artikulua; ingurumen gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 16. artikulua (2003/4/EE eta 2003/35/EE arteztarauak txertatzen ditu) eta herritarren partaidetzari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 Foru Araua.

6. Osasunaren babesa eta gizarte kohesioa: Prozesuan parte hartzen dutenek jarraibide komun partekatu batetik abiatzen dira: osasun publikoari eta ingurumenari berme gehien eskaintzen dizkion irtenbidearen bila aritu eta era berean gizarte kohesioaren aldetik maila gorenak lor ditzakeena.

7. Hobeto egokitzea gaia Europatik datozten politikei: Irtenbideak izan behar du baliabideen erabilera eraginkorrari buruz 2015eko uztailaren 9an Europar Parlamentuak emandako Ebazpenari hobekien egokitzen zaiona.

8. Akordioa eta irtenbide partekatua: Ordezkari politikoek lortuko dute aurre egin beharreko bi arazoei irtenbidea ematen dien AKORDIO politikoa: hondakinen kudeaketari eta gizarte kohesioaren gabeziari, txanpon beraren aurkia eta ifrentzua balira bezala. Akordio horren zimenduak izango dira partaidetzazko hausnartze prozesuaren fruitu izango diren adostasun tekniko eta sozialak.

Manifestazioa azaroaren 26an

GURASOSek hainbat galdera planteatzen ditu: Posible al da arrisku edo eraginik egongo ez denaren bermea edukitzea? Egon al da errausketa baino seguruagoak eta bideragarriagoak diren beste aukerei buruzko benetako eztabaidarik? Beharrezkoa al da erraustegia egitea? Garaiz al gaude birpentsatzeko? Galdera asko daude airean, eta asko dago oraindik hitz egiteko eta adosteko.

Beren ustetan erantzuna baiezkoa da. Beren iritziz inoiz ez da berandu segurtasuna areagotu eta osasunarentzat eragin txikiena duen hondakin tratamendua bilatzeko. Hori aldarrikatzeko eta herritarrek beren iritzia azaltzeko manifestazioa deitu dute azaroaren 26an.

Donostiako Amara parketik abiatuko da manifestazioa, arratsaldeko 17:00etan. Amaiera Alderdi Ederren izango du. Manifestazioaren antolakuntzan lagundu nahi duenak edo egunean bertan lagundu nahi duenak komunikazioa@gurasos.org helbidera idatzi beharko du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!