Bisitan datorkidan munstroa

Alazne Arruti Bengoetxea 2016ko aza. 29a, 14:19

Baina nik ez dut zuen erruki bila negar egiten. Ez beti. Amorru handiz ere negar egiten dut.

Ni ere bisitatu izan naute maiz munstroek. Gaueko 00:07etan zein egunez uxatu nahi izan ditut mamuak, baina zinez ez da batere erraza.

Haur batek beldurra izatea normaltzat hartzen da, baina esadazue, zinemako argiak piztean sikatu ditudan malkoez gain nola ikusten ote dituzue ene bestelako negar saioak? Agian emakume jaio izana leporatuko didazue, hileko egun gorrietan nagoela eta hormona kontua delakoan ene penak husteko baimena eman. Baina nik ez dut zuen erruki bila negar egiten. Ez beti. Amorru handiz ere negar egiten dut.

Zaila da maite eta maitatu izan duzun edonor agurtzea. Egun batetik bestera edota hilabete luzeetako borrokaren ostean amildegi sakonari irensten uztea. Eta tamalez, gero eta maizago gertatzen da. Minbizia. Beldurrez ahoskatzen dut nik ere. Zipriztindu izan nau bere kolore ilunak, eta orban horiek ez ditu denborak erraz desagerrarazten.

Zikindu nau eta beldur naiz beste behin gertatu daitekeelako. Ahoratzen dudanetik, arnasten dudanetik nigan ere jaio daitekeelako. Horren aurka zerbait egin nahi dudalako eta benetan zer egin ez dakidalako.

Garbi daukadan gauza bakarrenetarikoa zera da, ez nagoela nire amets gaiztoak errealitate bilakatzen ikusteko prest. Eta behin egiak aitortzen hasita, jarrai dezadan: azkenaldian inguruan darabilkidan munstroa Zubietako errauskailua da. Ez dut nigandik gertu eraiki dezaten nahi. Baina bihotza ere badudanez, ez beste inon eraiki dezaten ere. Aire garbiak bira gaitzala!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!