I was an Eli

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2016ko aza. 29a, 15:48

Gizarte komenientzietara egokitzen ez diren haurrei horrelako mugak jartzea zeharo beldurgarria iruditzen zait, askatasunean beharrean errepresioan hezten ditugulako.

Atrebentzia izan daiteke, baina aurreko zenbakiko Xabier Etxeberriaren testuari segida emango diot nire perspektibatik, umetan It´s a Malen oihukatzen zuen gizartean bizitzea gustatuko zitzaiokeen norbait naizelako. Nire bizitzako pasarte asko etorri zitzaizkidan burura artikulua irakurtzen nuen bitartean.

Zu bezalako neska batek ez luke esku pilotan aritu beharko. Txandalaz harago ere bada bizia. Ze opari nahi duzu? Hori ez da neska fin baten jantzia.

Gizarte komenientzietara egokitzen ez diren haurrei horrelako mugak jartzea zeharo beldurgarria iruditzen zait, askatasunean beharrean errepresioan hezten ditugulako gure txikiak. Genero rolek mutilenak direla ezartzen duten gauzak gustatzen zitzaizkidalako –eta zaizkidalako–, pun! Marimatxoa ni beti. Hain zaila al da dikotomia hori errealitatea beharrean fikzio inposatua dela ikustea?

Gogoan ditut 11 urterekin erosi nituen kirol oinetako batzuk, beltzak eta berdeak, zoragarriak nire ustetan. Jendeari ez zitzaizkion gustatu, baldarregiak omen. Bazkalosteko atsedena futbolean jo eta ke pasatzeak oinetakoak azkar puskatzea zekarren, eta hilabete gutxira berriak erostera joan ginen. Bizi nintzen gizarte harekin bat etortzeko, zuriak erosi nituen, zuri bezain aspergarriak. Eskolarteko esku pilotako finalera iritsi ginenean, zuriz jantzi behar genuela eta, jantzi nituen konbentzimenduz lehen eta azken aldiz. Eskerrak azkar puskatu ziren.

Unibertsitateko ikastetxe nagusian antolatutako futbol partida bat ere gogora etorri zait. Ni atean, non bestela. Halako batean, hor dator baloia eskuin zutabearen ondotik sarera, zuzenean barrura. Nire artean, aterako al dut besoa? oraindik ia ezagutzen ez dudan jendearen aurrean signifikatzeko beldurrez. Ezin diot gremioari hutsik egin, beraz eskua luzatu eta baloia kornerrera doa. Zelaian taldekideen besarkada, gauean jangelara sartzean han daudenen obazioa. Eskerrak ematen ditut baina nire baitan haserre nago, baloiaren bila joan ala ez erabakitzen ari nintzenean ekidin nahi nuen hori gertatzen ari delako. Txaloen zergatiak nazka ematen dit, neska batek baloia gelditzea balentria dela esaten ari baitzaizkit inplizituki.

Adibide gutxi batzuk baino ez ditut jarri, baina esateko gogoa nuen. Ni Eli nintzen bezala, antzeko pasarteen protagonistak diren milaka haur daude. Ea it´s a Malen gehiago erantzuten ditugun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!