Ospakizunen harira, kontzientzian eragiteko eta euskara erabiltzeko

Karkara 2016ko abe. 2a, 08:17

Aiako eta Orioko ikastetxeek gaur ospatuko dute Euskararen Eguna. Izatez ospakizuna bihar da, abenduaren 3an, eta Orioko Udalean Euskaraz Gazte Literatur lehiaketako sari banaketa egingo da.

Aian, Lardizabal Herri Eskolan, HH eta LH 3. maila bitarteko ikasleei ipuinak kontatuko dizkiete gurasoek. Hau da, haurren gurasoak ipuin kontalari lanetan arituko dira. LH 4, 5 eta 6. mailakoei Xabier Euzkitzek egingo die bisita eta, gainontzekoei, beste ipuin kontalari batek. Horrez gain, Euskararen Txantxangorria abestiarekin flashmoba egingo dute ikasleek. ETa, ikasle txikienei, euskarazko film bat jarriko dien bezala, nagusiek karaokea egingo dute.

Orion, bi ikastetxeetan ospatuko da Euskararen Eguna. Zaragueta Herri Eskolak Imanol Urbietari omenaldia egingo dio. 10:45ean kantu saioa egingo dute, non Urbietaren kantuak abestuko dituzten. Ondoren, horma irudia osatuko dute argazkiekin eta abestietan. Eta, arratsaldean, filmak ikusiko dituzte ikasgeletan eta liburu truke azoka ere egingo dute.

Herri Ikastolan, pregoia egingo da goizean goiz, 8:30ean. Ondoren, herri kirolak egingo dira. DBHkoek bideo lehiaketako sari banaketa egingo dute, baita mus txapelketa ere. LHko ikasleek tailerrak eta jolasak egingo dituzte eta HHkoek antzerkitxoa. Horretaz guztiaz gain, Argitxoren bisita ere izango dute, pailazoek emanaldia eskainiko dute eta taloak egiten ere ikasiko dute. 

Literatur lehiaketako sariak larunbatean banatuko dira

Larunbatean, eguerdiko 12:00etan, banatuko dira Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sari banaketa egingo da udaletxean. Jasotako lanak bi kategoritan banatuko dira. Batetik, olerkiak sarituko dira; eta, bestetik, narrazioak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!