Egun arraroak

Peru Iparragirre 2017ko ots. 1a, 11:52

2016a amaitu da, Donostiaren periferian –Donostiako zentroa ez dena periferia baita– inoiz amaitu ezin zitekeela zirudien arren

Arraroak izan ohi dira urte amaierako eta urte hasierako egunak, San Tomas aldean hasi eta urtarrileko manifestazioarekin batera amaitzen diren horiek. 2016a amaitu da, Donostiaren periferian –Donostiako zentroa ez dena periferia baita– inoiz amaitu ezin zitekeela zirudien arren. Joan den urtearen aztarnak kaleetatik ezabatzen doaz, halabeharrez, baina mantsoegi.

Egun hauetan egin ohi dugu urtearen errepasoa, urteko liburuak, urteko filmak, urteko urteko gauzen zerrenden zerrenda... Zerrenda egunak dira, egun arraroak. 2016.a benetan bukatu dela ziurtatu nahiko bagenu bezala. Atzera begira jartzen gara, begi ertza etorkizunean paratuta, esku bateko hatzekin zenbatzen ditugu hautsitako promesak –geure buruari eginak– eta beste eskuko hatzekin agintzen promesa berriak, beharrezko errituala.

Etor bedi datorren urtea eta ekar beza zerbait berria. Horixe errepikatzen diogu geure buruari, tabula rasa, aurtengoan bai, aurtengoan ziur. 2017ko urtarrilaren lehen egunetan balea agertu da Getarian, ez dauka arratoi itxurarik eta ez da Zarauztik ikusten. Baina erraturik darraigu orrialdeen gainaldean 2016/... idazten. Egun arraroak.

Urte pilaketa bat da denbora. Edo horrela sinestarazten digute egun hauek, urteen pilaketa da denbora eta urteak noiz pilatuko zain egotea bizitza. Egutegi zaharra sutara bota. Ezabatutako, borobildutako edo seinalatutako egunek berdin-berdin hartzen dute sua, oroituko ote ditugu. Bankutik pasa eta egutegi garbi-zuria jaso, edo Sehaskaren egutegiko izenak ostera horman zintzilikatu. Urtea pilatutako egunak dira.

Egun arraroak dira hauek. Telebistan euria eta elurra, kalean hotza eta negua haizea bietan, tarteka. Egun hauek igarota beharbada konturatuko gara urtea ez dela egiaz amaitzen, eta ezin dela, beraz, berriro hasi. Konturatuko gara ez duela deusetarako balio zain egoteak –berdin amaieraren edo hasieraren–.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!