Arraunean lehen urratsak eginez

Karkara 2017ko mar. 1a, 08:00
Arraunlari gazteak batelean arraunean egiteko prestatzen.

Orioko gaztetxo askok etorkizunean herriko traineruan arraun egitea dute amets. Horretarako, gaztetatik kirolaren eta arraunaren balioak ikasten dituzte arraun elkartean.

Puntan ibili den trainerua izateagatik ezaguna da Orio Euskal Herrian. Manuel Olaizola patroi zela 1901ean lehen Kontxako Bandera irabazi zutenetik, 31 aldiz astindu dute oriotarrek Donostiako bandera preziatua. Arraunaren kultura barruraino sartuta dago herrian, eta hori argi ikus daiteke Orio Arraunketa Elkartearen egoitzan. Gaztetxo askok etorkizunean Orioko traineruan arraunean egitea dute amets.


Orioko arrauneko harrobia osasuntsu dago. Nazioarte mailan garaipen garrantzitsuak lortu zituen Ibon Urbieta arraunlari ohia da elkarteko harrobiko koordinatzailea, eta berak zuzentzen du gaztetxoen jarduna. Arraun txapelketak 12-14 urtetik aurrerako arraunlarientzat antolatzen dituzte, baina guk 10-11 urtetik aurrerako haurrekin lantzen dugu arrauna.  


Elkarteak adin tarte bakoitzera egokitutako entrenamenduak eta helburuak zehaztuta ditu. Gure helburu nagusia etorkizuneko arraunlariak formatzea da, gaztetxo horiek egunen batean goi mailako ontzietan arraunean egin dezaten. Dena dela, bide luze horretan ondo pasatzearen eta lan serioaren arteko oreka bilatu behar izaten dute.


Urratsez urrats joan behar dela jakin badaki harrobiko koordinatzaileak. Gaztetxoen mailan arraunean ikastea eta ondo pasatzea izaten da helburua. Hasieratik tostako arraunketa eta arraunketa olinpikoa lantzen ditugu, senior mailara iristen direnean bi diziplinak menperatu ditzaten. Mutilek eta neskek elkarrekin entrenatzen dute.


Horrez gain, kirolak bere baitan hartzen dituen hainbat balio ere jorratzen dituzte. Arrauna taldeko kirola da, eta garrantzitsua da txikitatik talde bateko kide direla barneratzea. Haurrak berekoiak izan ohi dira izatez, eta lagunari laguntzea norberari laguntzea dela ikasi dezaten  ahalegin handia egiten dugu.
Bestalde, arraunlari izateko bidean garrantzitsua den lehiaketaren arloa ere haurrak direnetik lantzen dute. Argi dugu lehiatzen ere denborarekin ikasten dela, eta arraunlariei kategoriaz igotzen ari diren heinean, txapelketetan lan ona egiteko eta irabazteko grina sartzen zaie.


Kirola aisialdirako aukera
Oriotarrez gain, inguruko herrietako arraunlariak ere biltzen dira arraun elkartean. Arraunean egin nahi duten gazteek ateak irekita dituzte Orioko arraun elkartean. Gure helburua goi mailan arituko diren arraunlariak formatzea bada ere, jakin badakigu gutxi iristen direla maila horretara. Batzuek ikasketengatik edo lanagatik arrauna utzi behar izaten dute, eta beste batzuek goi mailako kirolean aritzeko gaitasunak ez dituztelako, ez dira iritsiko. Dena dela, elkartetik ahalegin berezia egiten dute gaztetxoak kirolean murgiltzeko. Ildo horretan, Ibon Urbietak uste du arraun elkarteak gaztetxoei kirola egiteko aukera ematea elkartearen funtzio garrantzitsua dela. Gaztetxoei aisialdirako beste alternatiba bat eskaintzen diegu, kirola eta arrauneko kultura zabaltzen dugun bitartean. Hori ere herriarentzat oso positiboa da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!