Iristear da Korrika!

Karkara 2017ko api. 3a, 17:26

Apirilaren 5ean 00:42an iritsiko da Korrika Oriora eta 1:31n utziko du Aia.  Apirilaren 4an ospatuko da Korrika eguna. Korrika txikia, triki-potea eta afariak alaituko dituzte testiguaren etorrera aurreko.

Martxoaren 30ean irten zen hogeigarren Korrika Otxandiotik. 1.343 kilometro egin ondoren, apirilaren 5a iritsi berritan helduko da testigua Oriora. Aginagatik iritsiko dira lasterkariak eta Orio herrira sartuko da, handik bira egin eta, Aiako lurretatik barrena, Zarautz aldera abiatuko da.

BatZuk

BatZuk da aurtengo Korrikako leloa, hizkuntza indartzeko, norberak ere bat egin dezakeela gogoratzeko: Hizkuntza, Kultura, Mundu BAT sendotzeko bidean, ZUK ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun.

Zirkorrika abestia izango da 20. Korrikako furgonetako bozgorailuetatik lasterkariak girotuko dituena. Xabier Zabalak sortu du eta doinu balkanikoak dakartza gogora.

Airilaren 4a, Korrika eguna

Martxoa osoan zehar Korrika Kulturalaren ekitaldiak izan ditugu herrian. Rakugo ipuin japoniarrekin hasi genuen hila eta Kuestazio eguna, Iñaki Perurenaren hitzaldia, Herriarteko Txapelketako bertso saioa eta Pier Paul Berzaitzen kontzertua izan genituen ondoren. Apirilaren 1erako, larunbaterako, Euskaraokea antolatu du Txurrumuskik.

Apirilaren 4a Korrika eguna izango da Orion eta Korrika Txikiarekin emango zaio hasiera. 14:45ean irtengo dira Aita Lertxundi kaletik eta 3.415 metro egingo dituzte guztira Ikastolako eta Zaraguetako maila guztietako ikasleek, testigua elkarri pasatuz.

Iluntzean, Korrika iritsi aurreko orduak alaitzeko, triki-poteoa eta afaria antolatu ditu Korrika batzordeak. 19:00etan hasiko da poteoa plazan eta herrian kalez kale ibiliko da afalordura arte. Afaria 20:30ean hasiko da, Balea elkartean. Txartelen prezioa 12 eurokoa da eta iganderarte –apirilak 2– daude salgai Kultur Etxean eta Kolon Txikin.

Ordu txikitan korrika

Apirilaren 5ean egingo diogu ongi-etorria Korrikari, ordu txikitan. 00:42ak inguruan pasako dela aurreikusi dute  antolatzaileek. Aginagatik iritsiko da eta Orain plataformako kideek hartuko diote testigua usurbildarrei. Zarautz aldera joko du gero; Xuaiko aldapa igotzea tokatuko zaie Orio AEko arraunlariei beste behin ere. Lekukoa eskuz esku pasaz, atsedenik gabe, jarraituko du Korrikak apirilaren 9a arte. Iruñeako kaleetan zehar egingo ditu 20. edizioak azken kilometroak.

Iruñeara irteera

Otxandion hasi eta Iruñean bukatuko da aurtengo Korrika. Apirilaren 9an, 12:30 aldera iritsiko da testigua helmugara, eta ekitaldi jendetsua egingo dute gero. Amaiera ekitaldian parte hartu nahi dutenentzat autobusak antolatu ditu Urola Kostako AEKk. Iruñeara autobusean joan nahi dutenek izena eman dezakete Orioko AEK Euskaltegian eta Kolon Txiki tabernan

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!