Aiako eta Orioko lau harrijasotzaile Zarauzko Bi Harri Txapelketan

Karkara 2017ko api. 7a, 11:15
Argazkia: Urola Kostako Hitza

Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.ak, Joseba Ostolaza Ostolaza II.ak eta Imanol Illarramendi Kortaberrik jasoko dituzte bi harriak

Kirol ekitaldi berezia jokatuko da bihar, apirilaren 8an, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan: Bi Harri Txapelketa. ZKEko Herri Kirol sailak iaz antolatu zuen lehenbiziko aldiz.

Iaz baino harri-jasotzaile gutxiagok—lehengo urtean 17 izan ziren— hartuko dute parte aurten. Guztira hamar izango dira eta horietatik lau dira Aia eta Oriokoak: Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a (Aia), Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a (Aia), Joseba Ostolaza Ostolaza II.a (Orio) eta Imanol Illarramendi Kortaberri (Aia).

Bi harri baldarrekin lehiatuko dira: Jai Txiki eta Mollarri harriekin, zehazki. Zarautz eta Getaria artean jasotako harri koadroa da Jai Txiki, eta Mollarri, berriz, Orio eta Zarautz bitartean aurkitutako harri oboidea. 117 eta 121 kilo dituzte, hurrenez hurren. Orain dela bi hilabetera arte udaletxean egon dira gordeta. Baina txapelketa iragartze aldera, Aritzbatalde kiroldegiko sarreran egon dira erakusgai, eta lehia hasi baino ordubete lehenago eramango dituzte pilotalekura.

Harriarekin txandaka

Harri-jasotzaile bakoitzak 7 minutuko denbora izango du, eta txandaka altxatu beharko ditu harriak, bakoitzak aukeratutako ordenan. Izeta II.ak adierazi duenez, hori ez da beste inon egiten: Normalean, harri-jasotzaileek lauzpabost harrirekin egiten dute lan, eta batekin bukatzean hurrengoarekin jarraitzen dute. Bi Harri Txapelketaren berezitasuna da txandaka egin beharko dutela lan: lehenbizi bat altxatuko dute, ondoren bestea, gero berriz lehenbizikoarekin jarraituko dute… Horrek badu bere xarma. Juan Mari Iraola ZKEko Herri Kirol saileko presidentearen arabera, jokatzeko modu horrek harri-jasotzaileen benetako trebetasuna erakusten du.

Lehiakideak egungo marka hobetzen saiatuko dira. Izeta II.a-k ezarri zuen iaz marka, 25 jasoaldirekin: 13 altxaldi Mollarri-rekin eta 12 Jai Txiki-rekin. Iaztik hona parte-hartzaileek ikasi egin dute, eta hobeto ariko dira. Iazko txapelketa ikusgarria izan zen, eta aurtengoa, are ikusgarriagoa izango da. Marka hausten duenak, gainera, 300 euroko sari berezia jasoko du, berrikuntza modura. Bestelako sariak ere emango dituzte, altxaldi bakoitzagatik, esaterako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!