Explore San Sebastian Region turismo bulegoan Urola Kosta izango da protagonista, maiatzean

Karkara 2017ko api. 20a, 15:40
Urola Kostako udaletako ordezkariak eta turismo arduradunak gaur Donostiako Bulebarrean.

Urola Kostako turismo eskaintza aurkeztu dute gaur goizean Donostiako Bulebarreko Explore San Sebastian Region bulegoan. Bertan izan dira besteak beste, udal elkarteko lehendakari Igor Iturain, eta Aiako eta Orioko alkateak, Nekane Arrizabalaga eta Joxe Angel Zaldua.

'Eskualdeen Txokoa, hamar hilabete, hamar eskualde' ekimenaren barruan, Urola Kostako turismo eskaintza aurkeztu dute gaur goizean Explore San Sebastian Region turismo bulegoan. Maiatzean Urola Kosta izango da Donostiako Bulebarrean kokatzen den Gipuzkoa mailako turismo bulegoan protagonista nagusia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendari Maite Cruzadok azaldu du ekimenarekin eskualdeak eskaintzen dituen aukera guztien berri eman nahi dietela donostiarrei, gipuzkoarrei eta lurraldea bisitatzen duten turistei. Donostiara etortzen diren bisitariak lurraldea ezagutzera animatu nahi ditugu, turismoa Gipuzkoa osoan modu orekatuan garatu dadin – azaldu du Cruzadok.

Eskualdea osatzen duten herrietako eta Urola Kostako Udal Elkarteko ordezkariek parte hartu dute hitzorduan, tartean udal elkarteko lehendakari Igor Iturainek, eta Nekane Arrizabalagak eta Jose Angel Zalduak Aiako eta Orioko alkateek, hurrenez hurren. Iturainek nabarmendu du Urola Kostan bailara mailan turismoa sustatzeko hainbat proiektu garatzen ari direla. Hainbat urte daramagu turismoa bailara mailan lantzen. Kosta eta mendia uztartzen ditu Urola Kostak, eta horrek atentzioa ematen die gurera bisitan etortzen direnei. Ohartu ginen banaka baino erakargarriagoak garela bailara mailan, eta bost herriak bat eginda turismo produktu berriak eskaintzeko lanean ari gara – adierazi du Igor Iturainek agerraldian.

Ildo horretan, turismo eskaintza erakargarria izateko sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza ezinbestekoa dela uste du udal elkarteko lehendakariak. Proiektu desberdinetan sektore pribatuarekin elkarlanean ari gara, eta bide horretan sakondu nahi dugu datozen urtetan ere.

Turismo eskaintza

Aurkezpenean Zarauzko Turismo arduradun Esther Facchinek eskualdeko interesgune turistikoak azaldu ditu, herri bakoitzaren berezitasunak deskribatuz. Asko dira Urola Kostan herritarrek bisita ditzaketen txokoak. Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia, elkarren artean oso desberdinak dira, herri bakoitzak bere identitatea du, baina era berean osagarriak dira.

Facchinek azaldu du gastronomia dela herri guztiak batzen dituen elementua, eta ildo horretan Kosta Gastronomika izeneko proiektua jarri dute martxan, eskualdeak gastronomiaren arloan duen aberastasuna zabaltzeko. Parrila da gastronomia arloan eskualdearen berezitasuna. Ezagunak gara gure erretegiengatik, eta bailarako herri askok parrila usaina dute. Horrez gain, turismo arduradunak azaldu du herri bakoitzak bere berezitasun propioa duela: Aiak gazta, Getariak txakolina, Oriok bisigua, Zarautzek eskualdeko ekoizle eta baserritarrak biltzen dituen merkatua, eta Zumaiak olagarroa. Berezitasun horietan oinarrituta, bisitariek eskualdea modu desberdin batean ezagutu dezaten esperientziak sortu dituzte. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!