Igandean egingo da Pagoeta Mendi Lasterketaren 14.edizioa

Karkara 2017ko api. 27a, 12:41

Aia eta Orioko 30 korrikalari izango dira bertan. 7,5 kilometroko ibilbide mistoaren berrikuntzak, nabarmen igoarazi du parte hartzaile kopurua.

Igandean izango da Pagoeta Lasterketaren 14. edizioa Zarautzen. Antolatzaileek emandako datuen arabera, 330 lagun daude apuntatuta; iazko 170 izen-emateak kontuan hartuz, korrikalari kopuruak nabarmen egin du gora.

Partaidetzaren igoera hori lasterketan txertatu duten berrikuntza batek ekarri du: lasterketa nagusiaz gain,  7,5 kilometroko ibilbide mistoa egiteko aukera ere izango dute parte hartzaileek. Honekin mendian asko ibiltzen ez den jendea erakarri nahi izan dute, eta badirudi bete betean asmatu dutela, ibilbide mistorako dortsalak agortzeko zorian baitaude. Orio eta Aiako neska-mutilez osaturiko 9 bikotek eman dute izena.

Ibilbide nagusian ere badira aldaketak. Iazko lasterketa 17 kilometrora luzatu bazuten, aurtengoak ia 21 ditu, 1.600 metroko gorabehera metatuarekin. Ibilbideko aldaketak hasiera eta amaierako zatietan txertatu dira, eta honi esker zeharkaldian zehar asfalto gutxiago zapalduko dute korrikalariek. Hauetatik 13 Aia eta Oriokoak izango dira.

Zarautzen hasi eta amaituko dira bi lasterketak, kiroldegi parean. Nagusia 9:30ean hasiko da, eta mistoa 9:45ean. Amaitu ostean, doako hamaiketakoa eskainiko da parte-hartzaile eta ikusleentzat, eta zozketak ere izango dira.

Dortsalak igande goizean bertan jaso badaitezke ere, larunbat arratsaldean jasotzea aholkatu dute antolakuntzatik. Horretarako, karpa txiki bat egongo da Zarauzko kiroldegi parean 17.00etatatik 19:00etara bitartean.

Informazio gehiago eskuratzeko, egin klik hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!