Orioko eta Aiako harri-jasotzaileak XI. Gorostidi Harria Txapelketan izan dira asteburuan

Karkara 2017ko mai. 3a, 16:02
Aimar Galarraga harri jasotzen. Artxiboko argazkia

Hirugarren sailkatu zen Aimar Galarraga oriotarra, eta laugarrena Orion bizi den Joseba Ostolaza zestoarra.

Igandean jokatu zuten Adunako pilotalekuan XI. Gorostidi Harria Txapelketa, eta Aimar Irigoienek jantzi zuen txapela. Errezildarrak minutu bat eta 47 segundo behar izan zituen lanak egiteko. Gainerako txapelketa gehienetan ez bezala, Gorostidi Harria Txapelketan harri jasotzaileen abiadura hartzen da kontuan. Hau da, bost harri desberdin bina alditan azkarren altxatzen dituenarentzat izaten da txapela.

Igandeko proban 175 kiloko, 150 kiloko eta 160 kiloko zilindro zahar bana, 155 kiloko errektangular zaharra eta molde irregularreko 139 kiloko Erreka Harria jaso behar izan zituzten. Jokin Eizmendi zarauztarrak bigarren sailkatu zen, 3 minutu eta 6 segundo behar izan baitzituen lanak egiteko. Hirugarren Aimar Galarraga oriotarrak egin zuen, 4:05 denborarekin, eta laugarrena Orion bizi den Joseba Ostolaza zestoarra izan zen,  4:07 denborarekin; Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarrak bosgarren, 04:31 denborarekin; Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.a aiarrak seigarren, 04:33 denborarekin; zazpigarren Iban Ugartemendia hernialdetarrak, 05:26 denborarekin, eta Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak zortzigarren, 05:48 denborarekin.

Txapelketaren bukaeran, parte-hartzaileetako inor ez zen ausartu 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrarekin altxatzera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!