Zure nabigatzailea euskaraz al daukazu?

Karkara 2017ko mai. 18a, 18:37

Gaur egun, webgune batean sartzen garenean, erakusten zaigun edukia, gehienetan, gure nabigatzailearen hizkuntzaren araberakoa da. Ondorioz, nabigatzailea edo mugikorra euskaraz konfiguratuta badago, webgunea euskaraz agertuko da; bestela, berriz, erdaraz. Eta panorama kezkagarria da: euskaldunon %90 inguruk erdaraz daukate nabigatzailea. Horri konponbidea jarri nahian sortu dute Interneten ere, lehen hitza euskaraz kanpaina.

PuntuEUS FundazioakCodeSyntaxekIkastolen Elkarteak eta Kontseiluak, Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzea da kanpainaren helburua.

Panorama kezkagarria da. Lan-talde honek sarean egin dituen neurketek diotenez, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio-hizkuntza bezala. Kopuru hori bikoiztu egiten da euskaldunen artean (%10 inguru), baina hala ere, oso kopuru txikia da. Internauta teknofilo eta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (%70-80 bitartean).

Euskaraz nabigatu ezean, webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko, eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko.

Horregatik, nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzeko kanpaina abiatuko dute aipatutako erakundeek.

Erabiltzaileei eta webguneen arduradunei deia

Kanpaina erabiltzaileei eta webguneen arduradunei zuzenduko zaie.

Alde batetik, sustatzaileek erabiltzaileak gonbidatu dituzte nabigatzailea eta mugikorra euskaratzera. Bakoitzak ahalegin txikia eginda, ekarpena egingo diogu hizkuntzaren normalizazioari. Eta, aldaketa errazteko bi baliabide sortu dituzte: automatikoki nabigatzailea euskaratzen duen plugina eta telefono mugikorra euskaratzen duen aplikazioa.

Horrez gain, haur, nerabe eta gazteei horren garrantzia azaltzeaz gainera, horiek ezagutaraztea eta erabiltzen irakastea da helburua. Horretarako, Interneten ere, lehen hitza euskaraz unitate didaktikoa prestatu da. Unitate didaktiko hori Ikastolen Elkarteko ikastoletan landu dezaten bultzatuko da, eta, era berean, beste ikastetxe guztien esku jarri eta erabiltzera animatu dituzte antolatzaileek.

Bestetik, webguneen arduradunei ere euskara lehenesteko deia egin diete sustatzaileek. Hau da, haien webguneek defektuz lehen orria euskaraz erakutsi dezaten, hautua cokieen esku utzi beharrean. Izan ere, sarri erabiltzaileek ez dute erabaki kontzienterik hartzen, ez dituzte gailuen hizkuntzak konfiguratzen. Eta, erakunde eta enpresen ardura ere bada haien webguneek ematen duten lehen hizkuntza definitzea.

Interneten ere, lehen hitza euskaraz egitasmoa atzo, Euskarazko Interneten Egunean, aurkeztu zuten, Azpeitian egin zuten ekitaldian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!