Urola Kostako enpresek beren negozioak egoki komunikatzen dituzten aztertzeko tresna sortu dute

Karkara 2017ko mai. 26a, 14:31
Paopao elkartearen aurkezpena atzo, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Pao Pao Elkarteak, kalitatezko komunikazioaren bidez bailarako enpresei hazten lagundu nahi die, Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean. Komunikazio egokiaren ikuspegitik enpresen egoera ezagutzeko aukera ahalbidetzen duen autodiagnostiko testa aurkeztu zuen atzo; tartean da Orioko Kultur Atelier enpresa.

Denbora da Urola Kostako Udal Elkarteak bailarako enpresen komunikazioaren alorrean beharrizan bat detektatu zuela. Egoerak larrituta, bide berri bat ekin eta bustitzea erabaki zuen, Pao Pao Elkartea sortuz, komunikazioa balioan jartzea helburu hartuta. Pao Pao elkartea ondorengo enpresek osatzen dute: A3, Arroka, Debolex, Dhemen, Gráficas Ilba, Kultur Atelier, Lombok Design eta Otzarreta.

Hilabete askoren lanaren ostean elkarteak komunikazio egokiaren ikuspegitik enpresen egoera ezagutzeko aukera ahalbidetzen duen termometro eta sendabidea sortu du, autodiagnostikorako test eta bere irtenbide posiblea, Pao Pao salmentantak, negozioen hazkuntzarako tantak. Halaber, testa komunikazioaren alorrean bere egoera ezagutu nahi duen enpresa eta negozio guztien eskuragarri jarri da Pao Pao Elkarteko webgunean.

“Urola Kostako Udal Elkartearen gisako entitate batek kolaborazioa eskatu eta mota honetako egitasmoak martxan jartzera animatzeak, komunikazioak duen garrantzia azpimarratzen du eta, aldi berean, gizartearen garapenerako lagungarri da”, azpimarratudute Pao Pao Elkartetik.

Autodiagnostiko testa

'Nire negozioa egoki komunikatzen al dut?' Autodiagnostiko testaren helburua negozioak promozionatzeko existitzen diren baliabideak ezagutzean datza. Testaren amaieran emaitzen balorazioa jasotzen da.

Galdetegian, hamasei galdera dira erantzun beharrekoak. Hortaz, diagnostikoa egiteak ez du denbora asko behar. Erraza, argia eta funtzionala dira diagnostikoaren ezaugarri nagusiak. Orokorretik zehatzera, enpresa motatik komunikaziora jauzi eginez. Behin galdetegia amaituta, enpresa bakoitzaren diagnostiko sakonena ematen da ezagutzera, 50 puntutatik zenbat eskuratu diren zehaztuta. Aldi berean, hausnarketara bideratzen duten zenbait argibide eta galdera ere jartzen dizkio mahai gainean testa erantzuten duen enpresariari.

Pao Pao Elkartea

Pao Pao Urola Kostako komunikazioaren eta arte grafikoen sektoreko enpresa talde batek osatutako elkartea da. Helburua eskualdeko enpresei kalitatezko komunikazioaren bidez hazten laguntzea da.

“Pao, pao, pao, pao...!” ume hotsak entzuten ziren Zarauzko kaleetan udal-zerbitzuetako langileak tutu malguekin kaleak garbitzen zituzten bitartean. Hortik dator elkartearen izena, izan ere, pao pao egitea komunikazio estrategia egoki batek ahalbidetzen duena da, bustitzea, barneratzea. Tantaz tanta, Pao Pao Elkarteak Urola Kosta egoki komunikatua egotea nahi du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!