Beroari aurre egiteko hainbat gomendio eman ditu Segurtasun Sailak

Karkara 2017ko eka. 19a, 16:05
Gaur 16:00etan Arrantzale kalean, itzalean 32 gradu egiten zituen.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du tenperatura altuengatik. Osteguna bitartean 35 gradu ingurukoak izango dira tenperatura maximoak.

Gaur, asteartean eta asteazkenean tenperatura maximoak 30-35 gradu artekoak izatea aurreikusi du Euskalmetek, eta minimoak 20 gradutik ez direla jaitsiko jakinarazi dute. Ez ohiko egoera da hori Euskal Herrian, eta Segurtasun Sailak hainbat gomendio eman ditu datozen egunetarako.

  • Likido asko edan, bereziki ura, deshidrataziorik gerta ez dakizun. Ez itxaron egarri izan arte edaten hasteko. Saiatu ez hartzen alkohol, kafeina edo azukre gehiegi duten edariak.
  • Ahal baduzu, ez irten kalera bero gehien dagoen orduetan.
  • Atera behar baduzu, estali burua eta betaurreko beltzak erabili; saiatu gerizpean ibiltzen.
  • Ariketa fisikoak egin behar baduzu, egizu bero gutxien egiten duen orduetan.
  • Ibilgailua aparkatuta eta itxita dagoela, ez geratu inoiz barruan eta ez utzi ez pertsonarik ez animaliarik, ibilgailua itzaletan badago ere.
  • Arin jan (entsaladak, barazkiak, fruta eta abar).
  • Itxi leihoak, eta jaitsi eguzkiak jotako leihoetako pertsianak; bero gutxieneko orduez baliatu etxea haizatu eta freskatzeko.
  • Erabili arropa egokia: zabala, arina eta kolore argikoa, eta oinetakoak ere izan daitezela erosoak eta freskoak.
  • Adineko pertsonek eta ume txikiek ere gomendio horiek bete behar dituzte. Bereziki kontu egin etxean bakarrik bizi direnei.
  • Norbaiti intsolazioren bat emango balio, gune fresko batean kokatu behar zaio, buruan eta besapeetan oihal bustiak jarri, eta ura gatzarekin eta bikarbonatoarekin eman edateko.

Larrialdiren bat gertatuko balitz 112 telefono zenbakira hots egin behar da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!