Kultur Dealers ekimeneko mikrokontakizunak eskuragarri izango dira Orioko tren geltokian, ostiraletik aurrera

Karkara 2017ko uzt. 4a, 18:03
Kultur Dealers ekimenaren aurkezpena. (Orain Gipuzkoa)

Kultur Dealers proiektuaren bidez kultura ezohiko eremuetara zabaldu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Ostiraletik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultur Dealers ekimenak lau hizkuntzatan idatzitako mikrokontakizunak herritarren eskura jarriko ditu. Egitasmoarekin gipuzkoarren espiritu sortzailea indartu eta kultura ezohiko eremuetara zabaldu nahi dute, eta horretarako lurraldeko hamabi gunetan jarriko dituzte mikrokontakizunak eta pentsamendu testuak banatuko dituzten makinak udako lehen astetan, tartean Orioko Euskotren geltokian, Zarauzko Merkatu Plazan eta Getariako Balentziaga Museoan.

Kultur Dealers ekimenean 200 egile baino gehiagok parte hartu dute aurten, eta 300 kontakizun motz aurkeztu dituzte. Horietatik 83 testu aukeratu ditu epaimahaiak. Testuak gehienez bi mila karaktere dituzte eta euskaraz eta gaztelaniaz idatziak daude; dena dela, horietako batzuk ingelesera eta frantsesera ere itzuli dituzte.

Testuak aukeratzerakoan  bi aukera eskainiko dituzte makinek: Fikzioa eta Pentsamendua. Fikzioa ataleko kontakizunak egile berriek sortu dituzte, eta Pentsamendua sailekoak dagoeneko publikatuak izan diren testuetatik bildu dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dute testuak eskuragarri izango direla www.kulturdealers.com webgunean ere. Gainera, bertan bigarren fasean makinak non jarriko dituzte azalduko dute arduradunek, eta edukia sare sozialen bidez partekatzeko aukera ere eskainiko dute.

Parte hartzearekin "gustura"

Ekimenaren aurkezpenean parte hartu duen Slawa Grabowska blogari eta literatura jardueren antolatzaileak uste du parte-hartzaile kopurua "handia" izan dela aurtengo edizioan. "Horrek frogatzen du irakurleengana iristeko eta idazle berriek beren lanak argitaratu ahal izateko bide berriak martxan jarri beharra dagoela".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Denis Itxasok azaldu du ekimenak sorkuntza literarioa sustatzeko gunea izateaz gain, irakurketa kluben, idazketa lantegien, liburutegien, kultur etxeen, blogarien eta beste hainbat literatur eragileren lana ezagutaraztea eta aitortzea ere baduela helburu.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!