Ekintzailetasuna eta emakumeen laneratzea sustatzeko neurriak adostu dituzte EAJk eta EH Bilduk

Karkara 2017ko uzt. 17a, 16:05
Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza.

Koalizioarentzat "oso positiboa" da EAJrekin lortutako akordioa, "laguntza horien bitartez gure helburua Urola Kostako enplegu egonkorra eta emakumearen laneratzea sustatzea izan delako".

EAJ eta EH Bildu ados jarri dira ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lankidetza egitasmoak sustatzeko Urola Kostako Udal Elkarteak eman dituen diru laguntzen oinarriei dagokienez. Urola Kostako EH Bilduren arabera, "ezinbestekoa" da laguntza horien bitartez enpleguaren egonkortasuna indartzea. Hori dela eta, EAJk aurkeztutako diru laguntzen zirriborroari neurri zehatzak proposatu dizkio.

Koalizioak jakinarazi du EAJk ekintzailetza, enplegua, inbertsioak eta lankidetza egitasmoak bultzatzeko 200.000 euro bideratzea proposatu duela, eta EH Bilduk 30.000 euro gehiago izatea lortu duela. Bestalde, EH Bilduren arabera, EAJk sei hilabeteko kontratuak bultzatzea jaso du zirriborroan, hilabete bakoitzeko 500 euro laguntzen ziren, eta kontratu mugagabeen kasuan, berriz, 360 euro gehiago jasoz. "Gure ustez enplegu egonkorra bultzatzeko ez zen neurri eraginkorra eta, azkenean, kontratu mugagabeen kasuan, 4.500 euroko diru laguntza ematea adostu da. Beraz, sei hilabeteko kontratu batek jasoko dituen hasierako 3.000 euroei, mugagabea bihurtzen denean, kopuru hori batuko zaie. Guztira, 7.500 euroko laguntza izango du horrela".

Era berean, emakumearen laneratzeari "indar berezia" eman nahi izan dio koalizioak: "Horretarako, jarduera ekonomiko berri bat sustatzen dutenak gutxienez erdiak emakumeak baldin badira, jasotzen duten diru gehigarria bikoiztea lortu dugu eta, aldi berean, diru laguntzen balorazio irizpideetan emakume izateari puntuazio bikoitza eman diogu".

Ildo horretatik, koalizioarentzat "oso positiboa" da EAJrekin lortutako akordioa, "laguntza horien bitartez gure helburua Urola Kostako enplegu egonkorra eta emakumearen laneratzea sustatzea izan delako".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!