Langabeak lan merkatuan sartzeko Prestaketa Bonoa laguntza abiatuko du udal elkarteak

Karkara 2017ko uzt. 19a, 17:00
Igor Iturain diru-laguntzen inguruko azalpenak ematen. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Lan merkatuak eskatzen dituen zeharkako gaitasunak lantzeko ikastaroa antolatuko du UKUEk; eta hori gainditzen duten langabeak kontratatzen dituzten enpresek diru laguntza jasoko dute

Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak uztailaren 7an ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lankidetza egitasmoak sustatzeko diru-laguntza oinarriak onartu zituen. Udal elkarteko lehendakari Igor Iturainek azaldu duenez, 230.000 euro emango dituzte diru-laguntzetan 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra burututako jarduerak laguntzeko. Iturainek nabarmendu du udal elkartea osatzen duten alderdi politiko nagusiak "adostasunera iritsi" direla arlo horretan.
Azken datuen arabera Urola Kosta bailara da Euskal Autonomia Erkidegoan langabe tasa baxuena duena; "Dena dela, jakin badakigu 30-50 urte bitartean gainontzeko adin tarteetan baino handiagoa dela langabezia tasa, eta horri irtenbidea eman nahi diogu hainbat lan ildo martxan jarrita", azaldu du Iturainek.
Diru laguntza lerroei dagokionean hainbat berrikuntza nabarmendu ditu udal elkarteko lehendakariak.


Prestakuntza Bonoa
Alde batetik, eskualdeko enpresek diru laguntzak jasoko dituzte Prestakuntza Bonoa eskuratu duten langabeak kontratatzen badituzte. "Urola Kostako Udal Elkarteak enpresek eta lan merkatuak eskatzen dituzten zeharkako gaitasunak eta trebetasunak lantzeko 205 orduko ikastaroa eskainiko du eskualdeko langabeei eta langileei bideratuta".
Ikastaroa doakoa izango da, eta bertan zaintza teknologikoa, IKT 2.0, kudeaketa aurreratua eta gatazken kudeaketarako teknika berritzaileak landuko dituzte dituzte parte-hartzaileek. Prestakuntza gainditzen duten langabeek Prestakuntza Bonoa eskuratuko dute, eta eskualdeko enpresaren batek Prestakuntza Bonoa duen langaberen bat kontratatzen badu, diru-laguntza jasoko du. Kontratua sei hilabetekoa eta lanaldi osokoa bada, 3.000 euro jasoko ditu, eta kontratu mugagabea bada 7.500 euro. Eskabideak  azaroaren 15etik abenduaren 29ra egin beharko dira.


Hainbat laguntza lerro
Hezkuntza zentroen eta enpresen arteko lankidetza hitzarmena garatzeko diru laguntzak ere emango ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Modu horretan, enpresa sarea eta goi mailako hezkuntza zentroak elkarrengana hurbildu nahi dituzte. Eskaerak irailaren 30a baino lehen egin behar dira.
Bestalde, enpresak sortzeko diru laguntza lerroarekin ere jarraituko du udal elkarteak. Laguntzaren oinarria mila eurokoa izango da, eta kopuru hori handitu daiteke sustatzailearen eta jarduera proiektuaren ezaugarrien arabera. Horrez gain, itzuli beharrik gabeko diru laguntza lerroa ere abian izango da enpresen jarduerarekin zerikusia duen inbertsioak egiteko.  
Azken bi diru laguntza horien eskaera irailaren amaiera arte egin daiteke.

Diru laguntzen inguruko informazio gehiago Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean eskuragarri dago

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!