Kataluniako eta Euskal Herriko gertuko hedabideak elkarlanean

Maialen Zuazubiskar. Anboto (TOKIKOM) 2017ko ira. 20a, 16:13

Tokikomeko ordezkariek El Vallenc aldizkaria bisitatu dute ACPC elkartearen presidenteari elkartasuna adierazteko.

Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendaria, Jone Guenetxea presidentea eta Iban Aranzabal Goienako arduraduna Francesc Fàbregas El Vallenc-eko zuzendariarekin bildu ziren, atzo, aldizkariak Tarragonako Valls herrian duen egoitzan. Fàbregas Associacio Catalana de Prensa Comarcal –ACPC– eskualdeetako hedabideen elkarteko presidentea da. Irailaren 9an Guardia Zibilak El Vallenc aldizkariaren erredakzioa erregistratu zuen. Zuzendariaren ordenagailu pertsonala eta dokumentazioa eraman zuten. Tokikomeko ordezkariek elkartasuna adierazi diote Fàbregasen lan taldeari. Adierazpen askatasuna zalantzan jarri da azken egunotan Kataluniako hedabideetan izandako gertakariekin. Onartezintzat jotzen dugu adierazpen askatasuna ez errespetatzea, dio Tokikomeko presidenteak.

Urriaren 1eko erreferendumaren inguruan hitz egin zuten batzarrean. Fàbregasek adierazi zuenez, konbentzimendu osoz joango gara demokratikoki bozkatzera. Herriak bultzatutako erreferenduma geldiezina da

Lankidetzarako aukerak

Aurretik izandako lankidetza indartzea izan da bidaiaren helburuetako bat. Etorkizunera begira elkarrekin landu daitezkeen gaiak aztertu ditugu. Kataluniarekin esperientziak batzeak gure lana hobetzen eta eraginkorragoak izaten lagunduko digu, dio Artolazabalek. Batzarrean landu diren gaien artean, digitalizazioa, ekarpen komertzialak, formakuntza eta jardunaldiak daude.

Iban Arantzabalek dioenez, bilera honetan ikusi dugu gertuko hedabideek duten erakargarritasuna herri proiektuak eraikitzerakoan. Irakatsi digute gertutasuna aldagai garrantzitsua dela eskualdea gainditzen duten gaietan ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!