Euskararen ginkana egingo dute lehen aldiz Urola Kostan

Karkara 2017ko urr. 3a, 13:45

Aiako, Orioko, Getariako, Zarauzko eta Zumaiako DBH 3. eta 4. mailako gazteei dago zuzendua eta urriaren 3tik 19ra eman daiteke izena.

Urola Kostako Euskararen Ginkanaren lehen edizioa aurkeztu dute gaur goizean Orion. Udaletako eta Udal Elkarteko teknikariek eta herrietako gaztelekuek antolatu dute ginkana, Kutxa Ekogunearekin batera eta lehen aldia da Urola Kostan antolatzen dela.

Euskararen Ginkana euskaraz eta euskararekin dibertitzeko lehiaketa da, lehiakortasuna baino, ondo pasatzea du helburu. Aiako, Orioko, Getariako, Zarauzko eta Zumaiako DBH 3. eta 4. mailako gazteei dago zuzendua. Euskarari buruz gogoeta eginarazi nahi die, lehian, jolasean, hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik.

Lauko taldetan jokatuko da ginkana. Gazteek teknologiarekin harreman estua dutenez, ginkanaren lehen zatia on-line jokatuko da. Lau proba egingo dituzte on-line, astean bat, eta puntu gehien lortzen dituzten lau taldeak finalera iritsiko dira. Fase hori urriaren 23an hasiko da eta azaroaren 19an amaituko da.

Finala aurrez aurre jokatuko dute Zarautzen abenduaren 2an. 17:00etan hasiko da finala eta, lehiaketaren ondoren, festa egingo da bailarako gazteentzat.

1.000 euro emango dituzte saritan: finalera iristen diren taldeetako kide guztiek 50 euroko erosketa bonoa jasoko dute, bailaran erabiltzeko. Talde irabazleko kide bakoitzak, berriz, 100 euroko bonoa irabaziko du.

Izen-ematea urriaren 19ra arte

Urriaren 3tik 19ra irekiko dute izen-ematea eta parte hartu nahi duten taldeek on-line eman beharko dute izena. Taldeak osatzeko edo argibideak jasotzeko Aiako, Orioko, Getiariako, Zarauzko eta Zumaiako gaztelekuetara jo daiteke.

Euskararen Ginkanaren webgunean eman daiteke izena edo aurki daiteke informazio guztia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!