Arraun paladak euskal aztarnei segika

IƱigo Gaiton 2017ko aza. 1a, 14:00

Juan Angel Garmendia Ternuan izan da aurtengo udan. 450 kilometroko itsas zeharkaldi batean parte hartu du, euskal arrantzaleek baleak ehizatzen zituzten kostaldeetan barrena.

Ternuako biztanleek urtero antolatzen duten euskal astearen baitan egin dute zeharkaldia, Juan Angel eta tripulazioko kideek. Esperientzia zoragarria izan da Xarpasentzat, eta buruan darabil berriro itzultzeko ideia.

Zer dela eta Ternuara?

Beteranoen arraun ligan parte hartzen dut Zarauzko txaluparekin. Iparraldeko elkarteekin harreman handia dugu, eta Ibaialde da horietako bat. Bi espedizio eginak zituzten haiek aurretik hara. Hirugarrenerako jendea behar zutela komentatu zigutenean, ez nuen zalantzarik izan.

Urtero antolatzen duten euskal festaren harira joan zineten.

Ipar Euskal Herriko jendea gonbidatzen dute, pilotan jokatzera, euskal jakiak prestatzera, dantza egin eta kantatzera... Arraun zeharkaldia, ospakizun horien harira egin dugu. Azken egunean kointziditu genuen denok. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, St Pierren Euskal Etxea eraikitzeko lehen harria ere jarri genuen.

Hara joanda, euskal arrastoa nabarmena da beraz.

Bai, euskal diaspora oso zabala da han. Saint Pierre & Miquelonen 6.000 biztanletik 3.500ek hemengo abizenak dituzte.

450 kilometro egin dituzue txaluparekin, 10 etapatan.

Ternuako Placentia herritik, Saint Pierre & Miquelon irletara joan ginen arraunean.

Hogeita bat lagunek osatu dugu tripulazioa: Lapurdiko zazpi, lau getxoztar, hiru zarauztar eta ni. Euskal jatorriko Montreal eta Quebequeko jendea ere juntatu zitzaigun.

Ba al zekiten arraunean?

Ez, baina hori ere bazen proiektuaren beste xede bat: hangoei, pixkanaka arraunean erakustea. 2003an euskaldunek egindako espedizioan, bertan utzi zuten trainerua, kanadarrak arraunean has zitezen. Aurtengoa ere erosi egin digute. Ari dira pixkanaka.

Nola antolatzen zenituzten txandak?

Taldea hiru tripulaziotan banatu genuen. Ordu erdiko lau saioren ostean, txalupa erdia atera egiten zen zeharkaldian laguntzen zigun itsasontzira, eta kanpokoak sartu. Batez beste, bakoitzak lau ordutik gora egin ditugu arraunean egunero.

Ipurdia ederki gogortuko zitzaizuen.

Horrek sufritzen du gehien, baina fisikoki ez zara asko nekatzen. Psikologikoki gogorragoa da.

Kirol estropadetarako edo horrelako erronka baterako, zein da alderik handiena prestaketan?

Arraunketa. Palada laburragoa ematen da, gehiegi etzan gabe. Biomekanikoki desgaste gutxiago duen teknika bilatzen da, gorputzak ordu luzez arraun egin ahal izateko.

Geldialdiak egiten al zenituzten etapetan?

Ikustea merezi zuen bahia, labar edo herrixkaren bat zegoela abisatzen zigutenean, paisaiaz gozatzera geratzen ginen tarteka.

Itsas baldintza gogorrik izan al zenuten?

Haizeak zaildu zizkigun gauzak. Deskantsatzeko edo aldaketak egiteko itsasoan geratzen ginenean, ibilbidean atzera bultzatzen gintuzten haize ufadek. Etapa bat oso gogorra egin zitzaigun. Talde onena jarri eta gogor egin behar izan genuen arraunean, kostaldeari itsatsita helmugara iristeko.

Uda garaian joan arren, fresko egingo zuen.

Hamalau eta hamabost gradu bitarteko tenperatura izan genuen. Bertakoentzako, beroa. Beso motzetan ibiltzen ziren. Neguan hogei zero azpitik ere izaten dute.

Zein dute diru iturri nagusia?

Arrantza. Egun batean beren sotoak ikustera eraman gintuzten, eta harrituta geratu nintzen arrantzako materialarekin, zaharra iruditu zitzaidan. Nik umetan kofradian ikusitako irudiak etorri zitzaizkidan burura.

Bizitako zer esperientzia edo oroitzapenekin geratzen zara?

Lekuaren handitasunak harritu ninduen. Espazioa dago bazter guztietan. Bahia izugarriak topatzen dituzu, hutsak, edo lau etxerekin. Jende oso gutxi bizi da. Urruti daude leku guztietaik.

Zeharkaldiaren harira, Astigarragako sagardotegiren batekin ere egin duzue lotura.

Duela 450 urte, orain sagardotegia den baserriko sagardoa eraman zuten Ternuara arrantzaleek. Ikaragarria da. Duela gutxi, sagardotegikoek bidaia egin zuten hara, hango bazterrak ezagutzera. Sagardotegira gonbidatu gintuzten, jan edan pixkarekin istorioak trukatzera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!