Turismo eskaintzan euskara ikur eta marka gisa lantzeko, lankidetza hitzarmena

Karkara 2017ko aza. 7a, 15:59
 Urola Kostako Udal Elkarteak eta Uemak lankidetza hitzarmena sinatu dute UKUEk Zarautzen duen egoitzan egindako agerraldian.

UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) 2018-2020 urteen artean Urola Kostako Turismoa Dinamizatzeko Plana diseinatu eta garatuko du. Plan horretan “euskara turismo eskaintzaren ikur eta marka gisa lantzea” adostu dute UKUEk eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema). Igor Iturain UKUEko lehendakaria eta Josu Labaka Uemako lehendakaria gustura agertu dira lankidetza hitzarmenarekin, gaur UKUEren Zarauzko egoitzan egin duten agerraldian.

Pasa den udaberritik, euskara turismo eskaintzan nabarmentzeko eta babesteko lanean ari da Uema, hainbat udalerrirekin batera. “Turismoak hizkuntzen erabileran duen garrantziaz ohartuta, eta euskara ondare bezala erakusteko urrats berriak garatu eta landu behar direla sinetsita, lantaldea osatu zuen Uemak, bertako kide diren herrietako euskara teknikariekin, eta lanean ari da harrezkero”, azaldu du Labakak. Lantalde horren lanaren oinarrian hainbat gogoeta daude: “Besteak beste, euskara eskaintza turistikoaren ardatzetako bat izatea, une historikoak, gastronomia edota baliabide naturalak nabarmentzen diren era berean”. Gaia hainbat herrik bereziki landu dutela nabarmendu du Uemak, baina gaur UKUErekin sinatutako lankidetza hitzarmena “berariaz heltzen dion lehenengoa” dela azpimarratu dute. Hitzarmena adosteko orduan hainbat gogoetatan bat egin dute bi erakundeek, eta bakoitzak konpromiso batzuk hartu ditu. Turismoaren arloan euskararen erabilpena eta presentzia lantzeko akordioak urtebeteko iraupena izango du, eta beste urtebetez luzatu ahal izango da, bi aldeek horrela erabakiz gero.

Lankidetza hitzarmena adostu aurretik, UKUEk eta Uemak bat egin dute hainbat gogoetatan, eta hitzarmenean jaso dituzte:

  • Uemako udalerriak eta, bereziki, hitzarmen honi dagokionez, Urola Kosta bailarakoak (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) arnasgune dira euskararentzat eta, aldi berean, euskara udalerri horien eta bertako herritarren nortasunaren eta izaeraren ikur funtsezkoa da.
  • Urola Kosta Udal Elkarteak argi du euskara gure ondarea dela eta ondare bezala ezagutzera eman behar zaiela bisitariei.
  • Aipatutako udalerriek (udalek eta turismoaren sektoreko enpresa, eragile eta pertsonek) ahalegin handia egiten dute, turista eta bisitarien hartzaile direnez, ahalik eta eskaintzarik egoki eta erakargarriena egiteko eta bailararen ikur eta altxor diren jarduera eta esperientziak landu eta eskaintzeko.
  • Turismo eskaintza ezagutzera emateko euskarrietan hainbat hizkuntza erabiltzen ditu UKUEk, baina horrez haratago, ez da euskara turismo eskaintzaren ikur bilakatzeko ahalegin landurik egin.
  • Uemak ezagutza eta eskarmentu handia du euskararen normalizazioarekin lotura duten gaiak lantzen eta, besteak beste, turismo arloari buruzko lanketa egiten ari da. Halaber, UKUEk eta Turismoko Lantaldeak ezagutza eta eskarmentua du turismoa sustatzeko tokiko ekimenetan.

Lankidetza hitzarmenean Uemak hartutako konpromisoak dira:

  • Urola Kostako Turismoaren Dinamizazio Planaren diseinu eta garapen prozesuetan aholkularitza eskaintzea eta Uemako lan taldeak zehaztutako lan ildoekin bat egiten duten ekimenak gauzatzea: hizkuntz irizpideen aplikazioa bisitarientzako euskarrietan; eskualdeko bisitariei buruzko hizkuntz azterketak; eta, eskaintza turistikoaren baitan euskarrien argitalpena.
  • Urola Kostako Turismoko Lantaldean parte hartzea, gorago aipatutako gaiak lantzen direnean.
  • Aipatutako egitekoak egiteko dituzten teknikari edo kideak izendatzea.
  • Hitzarmenaren bukeran memoria aurkeztea, egin eta bideratutako jarduerak laburbilduz.

UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak hartutako konpromisoak dira:

  • Urola Kostako Turismoa Dinamizatzeko Plana diseinatzeko eta garatzeko prozesuan euskara turismo eskaintzaren ikur eta marka gisa lantzea.
  • UKUEk Uemari, emandako aholkularitza eta laguntzaren ordain gisa, 10.000 euroko ekarpena egitea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!