karkara.eus

Errege Magoen Desfilea antolatu du Talai-Mendi elkarteak, azkenekoz

  gizartea  Orio

30 urte baino gehiago pasa ditu mendizale elkarteak desfilearen antolaketan. Antolatzen duen azkenengoa izango da etzi, eta herriko kaleetan ibiliko da, 18:30etatik aurrera.

Talai-Mendi mendizaleen elkarteak izaten du urtero Errege Magoen Desfilea antolatzeko ardura, baina 30 urte baino gehiago antolatzen egon ondoren, azken urtea izatea erabaki dute.

Bittor Andres elkarteko kidearen arabera, Orioko Udalak izango du orain datorren urterako antolatzailea bilatzeko ardura: "Hemendik aurrera antolaketa lanetarako prest ez geundela esan genien, eta urtebete izango dute orain ardura horren lekukoa nork hartu dezakeen pentsatzeko. Lan handia da».  Elkartearen barruan, desfilearen antolaketa kontuak zeramatzan taldetxo bat zegoela aitortzen du Andresek; baina taldeak bere kabuz antolaketa lanei uko egitea erabaki ondoren, beste inor prest ez dagoela azaldu du. «Ez dakit zehazki zenbat urtetan antolatu duten desfilea, baina ni txikia nintzeneko oroitzapenak ditut. Beraz, 30 urte baino gehiago izango dira jende bera urtero antolatzen ari denetik", gogoratu du Andresek.

Abenduaren amaieran zabaldu zuten desfilean izena emateko epea, eta dena prestatzen eta entseatzen ibili dira ordutik parte hartzaileak.  Andresen arabera, 50 danbor, 15 barrika, eta 60 edo 70 pandero izango dira etzi Orioko kaleetan.

Urte berrirako erronkak

Urtarrilaren amaieratik aurrera izango da Andres mendizaleen elkarteko presidentea. Elkarteko batzordeak lau urte zeramatzan jada, eta uztera zihoanez, lauzpabost lagun animatu dira. Andresen arabera, urtean zehar antolatu nahi dituzten kontuak izango dituzte hizpide hurrengo bileretan.

Familiak eta lagun koadrilak mendi irteerak egitera animatu nahi dituzte, baina elkarteak federatzeko edo seguruak egiteko aukera eman arren, kontu horiek kudeatzea zaila dela uste du Andresek: "Irteerak egiteko federatuta ez daudenentzat seguru pribatuen paketeak erosteko aukera dago. Guk erosi eta jendea animatzen ez bada, ordea, gure gain erortzen dira seguruen kostu guztiak. Konplikatua da seguruen kontua, baina beharrezkoa. Lagunak gara, baina zerbait gertatuz gero, garrantzitsuak diren kontuak dira". Aste Santutik aurrera familiarteko irteera bat antolatzea da asmoa, baina oraindik ez dute egitaraua itxi.
Mendizaletasuna bultzatzea eta mendi-irteerak egitea dira elkartearen helburuak, baina herriari begira ekimen andana antolatzen dituzte; besteak beste, umeentzako jolasak eta diapositiba emanaldiak. Ekimenak antolatzeko gogoz jarraitzen du elkarteak, baina urtearen hasiera "patxadaz" hartuko dutela aitortu du elkarteko kideak.

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa