Hondakin bilketa sistema berria

Abian dira hondakin sistema berriaren inguruko informazio guneak

Karkara 2018ko urt. 23a, 10:33

Otsaila iristearekin batera sartuko da indarrean sistema berria. Bost udalerrietan jarriko dituzte sistemari buruzko arreta informazio zerbitzuak, atzo hasi eta martxoaren 2ra arte.

Ezarpen fasean sartu da hondakinak biltzeko sistema bateratua, eta otsaila iristearekin batera sartuko da indarrean. Herritarrei hondakin sistema berriaren inguruko zalantzak argitu eta argibideak emateko, informazio guneak eta arreta zerbitzua izango dira Kostako bost udalerrietan (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) atzo hasi eta martxoaren 2ra arte.

Aste honetan eta hurrengoan banatuko dituzte edukiontziak, eta hori amaitzean, edukiontzi inguruetan izango dira kale hezitzaileak. Sistemaren ezarpenari zuzeneko jarraipena egingo diote, herritarrei sortzen zaizkien arazoak eta zalantzak aztertzeaz eta laguntza eskaintzeaz gain. Industrialdeetan eta komertzioetan ere izango dira; sistemara egokitzen laguntzeko.  Iñigo Erkiaga kale hezitzailearen hitzetan, herritarrek beti izango dute nora jo beren kezkak argitzeko.

 "Aukera berdintasuna" izango da hondakin sistema berriak herritarrengan izango duen aldaketa nagusia: "Gaur arte herritar guztiek ez zituzten edukiontzi denak, eta hemendik aurrera guztiek izango dituzte. Horrekin denek birziklatzea sustatu nahi dugu", dio Erkiagak. Horretaz gain, birziklatzeko ohitura sustatzea da asmoa. "Bakoitzaren aukera da birziklatzea, eta hori horrela izanik, ohitura berri batzuk sortu nahi ditugu: errefus gutxiago sortzea eta hondakinak bereiztea, besteak beste". Era horretan, hiru urtean birziklatze tasa % 75ean kokatzea du xede  Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE).

Tresna lagungarriak
"Hiztegi mardula zintzilikatuko da UKUEren webgunean, eta hondakinak sailkatzeko kontsultak egin ahal izango dira horren bitartez", azaldu du Erkiagak. Zalantza sortzen denean, herritarrek bertan begiratuta jakin dezakete non sailkatu. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako InguruApp doako aplikazioa ere deskargatu ahal izango da mugikorretan. Erabiltzaileak bilatzailearen bidez jakin dezake zein edukiontzitan utzi behar duen hondakin bakoitza, bere udalerriko bilketa sistemaren arabera. Edukiontzien bidez ere bilaketa egiteko aukera izango du aplikazioak, eta egiten diren akatsik ohikoenen berri ere emango du.

Datozen egunetan jasoko dituzte herritarrek errefusen eta hondakin organikoen edukiontziak zabaltzeko txartelak, posta bidez. Nolanahi ere, otsailaren 15era arte zabalik izango dira. Norberari dagozkion bizi eremuko edukiontziak soilik irekiko ditu txartelak, eta 24 orduz erabili ahal izango da. Eskualdeko postontzi guztietan hondakinak sailkatzeko lagungarri diren eskuorriak ere banatuko dituzte.

Hona hemen guneak eta ordutegiak, herriz herri:

– Aia
Astelehenetik ostiralera. Kultur Etxean, 10:00etatik 12:30era eta 16:30etik 19:00etara.
Larunbatetan. Kultur Etxean, 10:00etatik 12:30era.
– Getaria
Astelehenetik ostiralera. Turismo bulegoan, 10:00etatik 12:30era eta 16:30etik 19:00etara.
Larunbatetan. Turismo bulegoan, 10:00etatik 12:30era.
– Orio
Astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan. Kultur Etxean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Asteazkenetan. Kultur Etxean, 10:00etatik 15:00etara.
Larunbatetan. Kultur Etxean, 10:00etatik 12:30era.
– Zarautz
Astelehenetik ostiralera. Urola Kostako Udala Elkartean (Urdaneta bidea, 6), 09:00etatik 14:00etara; Etxezabalan, 09:30etik 13:30era; kiroldegian, 17:00etatik 20:00etara.
Larunbatetan. Kiroldegian, 10:00etatik 12:30era.
– Zumaia
Astelehenetik ostiralera. Udaletxean, o9:00etatik 14:00etara, eta Beheko plazako jubilitatuen etxean, 17:00etatik 19:30era.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!