Martxoak 8

KARKARAko emakumeok ere planto egingo dugu martxoaren 8an

Karkara 2018ko mar. 7a, 17:23

Egun osoko lanuztea egingo dugu erredakzioan gauden emakume langileok eta zerbitzu minimoak izango dira bihar.

KARKARAn lan egiten dugun emakumeok bat egiten dugu Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8rako deitu duen grebarekin. Egun osoko lanuztea egingo dugu erredakzioan gauden langileok.

Greba egingo dugu eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako, indarkeria matxistak jipoitzen gaituelako, arrazakeriak akatzen gaituelako eta kultura patriarkalak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen gaituelako. Emakumeok lan munduan bizi dugun prekarizazioa salatu nahi dugu. Askotan, lan baldintzek eta etxeko lanek zaildu egiten digute bizitzarako eta geure buruarentzako kalitatezko denbora izatea.

Kazetaritza sektorean ere asko dago egiteko, barrura eta kanpora begira. KARKARAn kazetaritza etikoan sinesten dugu eta egunero egiten dugu horren alde lan, lan taldetik hasi eta edukietara.

Lan talde txikia da KARKARAkoa, eta gehiengoa emakumeak gara. Horregatik, gure lanuzteak eragin zuzena izango du erredakzioan. Gizonezko bakarra dago erredakzioan, eta hark bere gain hartuko ditu martxoaren 8ko zerbitzu minimoak. Hori horrela, ez da harrera eta publizitate zerbitzurik egongo egun osoan zehar. Webguneko informazio fluxuan ere eragina izango du grebak, eta eduki gehienak martxoaren 8ko ekimenei buruzkoak izango dira.

KARKARAko emakumeok planto egingo dugu!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!