Gipuzkoa Encounter topaketak 3.200 lagun elkartu ditu

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko mar. 13a, 09:58

Inoiz baino lagun gehiago elkartu ditu informatikaren bueltako topaketak eta Euskadiko teknologiaren epizentro izan da Tolosa asteburuan.

Informatikaren eta teknologia-zaleen topaleku izan da Gipuzkoa Encounter beste behin. Aurreikuspen guztiak gainditu eta parte-hartze marka berria jarri du eta 3.200 lagun elkartu dira Tolosan, partaideak eta bisitariak batuta. Hiru egunetan publikoarentzat zabalik egon den guneak zale asko elkartu ditu eta, horri esker, orain arteko jendetsuena izan da. Hori horrela, antolatzaileak oso pozik agertu dira erabateko arrakasta izan duelako. Markel Olano diputatu nagusiak bere aldetik adierazi du ekimen isolatu bat izatetik, egungo errealitate ekonomiko eta sozialarekin gero eta lotuago egotera igaro dela.

Prestakuntza-ekintzen eskaintzari esker, ezagutzak partekatzeko aukera izan dute bertaratuek informatikaren gaineko segurtasuna, errealitate birtuala, arte digitala, 3D inprimaketa, programazioa eta software librea bezalako gaien inguruan.

2.600 bisitari

Ohiko 600 parte-hartzaileez gain, 2.600 bisitari hurbildu ziren informatika-partyra. Horrela, asteburu batez, Euskadiko teknologiaren epizentro bilakatu da Tolosa. 600 metro koadroko zona irekian, Opengunean, gai anitzen inguruan ikasteko aukera izan da: segurtasun informatikoa, zibersegurtasuna, datu pertsonalen babesa, droneak, robotika edota datuen analisia, besteak beste. Era berean, etxeko txikiek doako tailerrak izan dituzte robotikan eta led argien programazioan trebatzeko, eta bokazio teknologikoa sustatzeko tailerrak ere eskaini dituzte.

Estatuko bilkura teknologiko azkarrenetarikoa da Gipuzkoa Encounter. Izan ere, segundoko 1.100 giga transmititzeko gaitasuna duen 15 kilometroko kable-sarea eta segundoko 10 gigabiteko konexioa ditu. Azpiegitura horiek aprobetxatuz, super-ordenagailu bihurtu da Tolosako Usabal kiroldegia.

Euskaltel Konektak antolatutako jaiaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!