URKOMEk baserritarren laguntza eskatzen du, siloetako eta belar-boletako plastikoak egoki biltzeko

Karkara 2018ko mar. 16a, 08:39

Azken boladan arazo ugari izan dituzte bilketa-gune batzuetan, erabiltzaileek era guztietako hondakinak uzten dituztelako bertan, plastikoekin batera edota horiekin nahastuta.

URKOMEk –Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak– adierazi du azken bolada honetan arazo ugari izan dituztela bilketa-gune batzuetan, erabiltzaileek era guztietako hondakinak uzten dituztelako bertan, plastikoekin batera edota horiekin nahastuta. Ondorioz, askotan, bertan utzi behar izaten dituzte plastikoak, jaso gabe, ezin direlako birziklatzera eraman.

Plastiko horiek birziklatu ahal izateko, garbi utzi behar dira bilketa-guneetan: lokatzik gabe eta sokak kenduta eta apartatuta. Gehienek hala egiten dute eta, horri esker, 128 tona plastiko birziklatu ziren 2017an Urola Kosta bailaran.

Plastikoak bakarrik

Plastikoarekin nahastuta bestelako hondakinak lagatzen badira, ordea, ezinezkoa egiten da plastikoa behar bezala birziklatzea eta, beraz, URKOMEk erabaki du, kasu horretan, ez dituela jasoko.

Bilketa-guneetan utzi daitezkeen plastikoak hauek dira:

  • Siloak estaltzeko erabiltzen den plastiko beltza.
  • Belar-boletan erabiltzen den plastikoa.
  • Negutegietan eta baratzetan lurra estaltzeko erabiltzen den plastikoa.
  • Sokak eta plastikozko pentsu-zakuak.

Hilaren bigarren asteartean

Plastikoak hilaren bigarren asteartean jasotzen ditu URKOMEk eta bezperan utzi behar dira izendatutako bilketa-guneetan.

Zerbitzu honen helburua plastiko horiek birziklatzea eta ingurumena zaintzea da. URKOMEk baserritarrei eskatzen die ahalegina egitea plastikoak egoki uzteko, zerbitzua eraginkorra izan dadin.

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu URKOMEra: 943 816 500.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!