Urola Kostako gastronomia ezagutzeko jarduerak Aste Santutik aurrera

Karkara 2018ko mar. 26a, 18:15

Kosta Gastronomika izeneko turismo eskaintzaren barruan antolatu dira jarduerak, bisitarientzat eta bertakoentzat. Orion bisigua izango da ekimenaren ardatz, eta Aian, gazta.

Urola Kostako produktuak ezagutuz (parrilako arrain eta haragiak, txakolina, gazta...) esperientzia gastronomikoak eskaintzeko xedea du Kosta Gastronomika ekimenak. Antolatzaileek diotenez, bertakoentzat eta bisitarientzat antolatu da programa. Jarduera ezberdinekin, eskualdeko herri bakoitzaren espezialitate gastronomikoak emango dira ezagutzera.

"Bisigua Orio estilora!" esperientzia Orion

Bisigua Orio estilora nola prestatzen den ikasteko aukera eskaintzen du esperientziak, eta herriko erretegietako sukaldariek emango dituzte azalpenak. Parte hartzaileek bertatik bertara ezagutuko dute errezetaren historia, eta bisigua behar den bezala prestatzen ikasiko dute, gainerako jakingarriez gain. Bisigua probatzeko aukera ere izango da, txakolinarekin lagunduta.

Jarduera hau ostiralero egingo da apirilaren 1etik aurrera, 13:00etatik 14:00etara, eta pertsonako 35 euroko kostua izango du. Erreserba Orioko turismo bulegoan egin behar dira (943 835565). Informazio gehiago ere bertan eskuratu daiteke.

Gaztari buruzko bisita libreak Aian

Jarduera honekin, Aiako gaztak ezagutu eta probatzeko aukera izango da, artzainen eta gaztagileen azalpenak entzunez. Bisitak aldez aurretik erreserbatu behar dira, honako telefonoetara deituta: 943 830 804 edo 656 773 368 (Orortegi Gaztak). Bisitak larunbatetan izango dira, 12:00etatik aurrera.

Zarautzek, Getariak eta Zumaiak ere parte hartuko dute programa gastronomikoan. Hemen eskura daiteke herri horietan egingo denari buruzko informazioa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!