Beti beak

Eneritz Odriozola eta Arturo Elosegi 2018ko mar. 31a, 16:00
Eneritz Odriozola

Bada herrian kuadrilla bat Beti beak. Festetako erakusleihotik aparte samar nabil azken aldian eta ezin jakin mahoizko blusarekin ateratzen segitzen duten. Bizkarrean goian hizki garbiz: Beti beak. Asko eta askotan gogoratu izan naiz haietaz urteen joanean. Han eta hemengo bileretan nintzela. Beti aurpegi berak. Ondo asko dakigu zeintzuk izan garen azken hamarkada edo gehiagoko herrigintzan Beti Beak.

Baina erreleborako ordua iritsi zaigu. Eta korrika baino arrastaka ari gara azkenengo kilometroak egiten, testigua nork hartuko. Herrion, Urkolak esaten duen bezala, minimoak egiten.

Badakit orokorra dela. Lan altruistak, boluntarioak, gainbeheran direla. Mugimendu ekologista ere gainerako mugimenduekin batera krisialdia jasaten ari dela.

Eta baikorra naiz erreleboa iritsiko dela pentsatzean. Ez naiz gazteengan konfiantzarik ez duen horietakoa. Badakit, zinez, urrea balio duten gazteak ditugula. Fundamentu handikoak direla. Egunero ikusten ditut, egunero ikasten dut haiengandik.
Baina, noiz etorriko dira, Arturo? Edo zer egin etor daitezen? Nola ikusten duzu egoera unibertsitateko behatokitik?

Ez baita indarrik Beti beak Sekulasekulorum beak izateko.

 

Arturo Elosegi

Ez dakit zer esan, Eneritz. Ni ere askotan berdin nabil. Baina urteek perspektiba adina ematen dute iragana idealizatzeko joera.

Egia da jende gehiago bildu zela Lemoizko zentral nuklearraren kontrako mugimenduan. Baina orduko giro gogorrak harremanak ozpindu eta jendea etsipenera eraman zuen. Geroztik hortan gabiltza, zerbait egin behar dela, oker ari direla, baina inork txanda hartu nahi ez.

Gainetik politika dugu, gai guztiak partidizatzeko joera. Edozein gairen inguruan gure jarrera partidu politikoen arabera erabakitzekoa. Begiozu Gipuzkoako zaborren gatazkari edo Motondori. Behin partiduek parte hartu, gaia betiko zornatzen da.

Baina bion lanbideak urtero gazte berriak ezagutzera garamatza. Eta, tarteka, urrea balio duen koadrilatxoa ezagutzera. Urkola aipatu duzu, eta bai, haren promozioa unibertsitatean nabarmendu zen. Haiek gauzak egin nahi, ez kexatu soilik. Eta tarteka horrelako gehiago azaltzen dira.

Azken finean, Eneritz, uste dut borroka batzuk beti gutxiengoak aterako dituela aurrera. Ingurumena, natura, feminismoa... Baina euskarak zerbait erakusten digu: mendeetan galtzear, baina beti etorri da erreleboa. Tematiak behar.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!