Aian hasiko da eskualdeko hondakinen bilketa sistema berriari buruzko sentsibilizazio kanpaina

Karkara 2018ko api. 6a, 13:51

Helburua herritarren kezkak eta zalantzak argitzea da. Apirilaren 9an eta 10ean ingurumen hezitzaileek bisitatuko dute
udalerria eta 9an, hitzaldi irekia eskainiko da. Kanpaina eskualde mailakoa da; Orion apirilaren 30ean eta maiatzaren 2,3, 4,5 eta 7an egingo da.

Hondakinak Biltzeko Sistema Berria ezarri zenetik bi hilabete pasa direnean, Urola Kosta Udal Elkarteak herriz herriko sentsibilizazio kanpaina bat abiaraziko du datorren astetik aurrera herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko, eta ondorioz, sailkatze portzentajeak igotzeko.

Horretarako herriz-herriko ekimenak antolatu dira, eta Aian ingurumen hezitzaileen bisita izango da apirilaren 9an eta 10ean. Lehenengo egunean kaskoan, ibiliko dira hezitzaileak; bigarrengoan, berriz, Andatza, Santio Erreka, Etxetaballa,
Laurgain, Urdaneta eta Elkano auzoetan, diote UKUE-tik.

Bestalde, apirilaren 9an bertan herritar guztiei zuzendutako hitzaldi irekia izango da hondakinen inguruko zalantzak argitzeko. 19:00etan hasiko da Kultur Etxean, eta ordubeteko iraupena izango du.

Orion amaituko da kanpaina

Ingurumen hezitzaileak gerturatuko dira Urola Kostako udalerrietara -Aia eta Orio tartean-, goizez (8:30-12:00) eta arratsaldez (17:00-20:00). Edukiontziak dauden puntuetan izango dira. Bisita hauekin herritarren kezkak eta zalantzak argitu nahi dituzte zaborrak sailkatzera doazen une berean. Aian kanpaina abiatu ondoren, eskualdeko beste herrietatik barrena jarraituko du.

Sentsibilizazio kanpaina Orion amaituko da, apirilaren 30ean eta maiatzaren 2,3,4,5 eta 7an hezitzaileen bisiten eta informazio saioen eskutik. Informazio zabalagoa aurrerago emango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!