Bilakaera ontzia, poparean

Bilakaera ontzia,  poparean

“Diziplina guztietako eragileek bultzatzen dute errealitatearen transformazioa. Oteizaren
arteak eraldaketa hori zuen helburu.”

Jorge Oteiza Enbil. Iragan apirilaren 9an 15 urte bete ziren XX.mendeko euskal herritar eskultorerik garrantzitsuenetako bat hil zela. Oriotarra esperimentazioarekin eta arteak gizartea eraldatzeko duen ahalmenarekin erabat konprometitutako sortzaile eta teorilaria izan zen.

Ernst Gonbrich historiagile britainiarrak zioen ez dela artea existitzen, artistak eta gizarte eragileak baizik. A ze arrazoia: diziplina anitzeko eragileek bultzatzen dute errealitatearen transformazioa.
Hilabete honetan eraldaketa horren lekuko izan gara nolabait: bertso-saioetan, plaza-gizonei emakumeen ahotsa eta errimak gailendu zaizkie gurean.

Sormenaren bidetik, Aiako eta Orioko haurren amets kaxa astero irekitzen laguntzen duten ipuin kontalariek ere zeresana eman dute. Helduen ilusioa eta grina bor-borka ipini ditu Akelarrek ekainean eskainiko duen emanaldiak; batek baino gehiagok sarrera poltsikoratzeko komeriak izan ditu...

Bilakaera sozial horrekin jarraituz, aiar eta oriotar ugari prest daude ikasten jarraitzeko; finean, etorkizunerantz kale beretik arraun egiteko. Horren erakusle, apirilean antolatu diren prestakuntza saioetako izen-emate oparoak. Gure bi herrietan hilean zehar eskaini eta plazaratu diren enplegu eskaintzen berri emateko garaian, txalotzekoa herritarrek gure sare sozialen bidez erakutsitako inplikazioa, albiste horiek partekatuz. Ezbairik gabe, bilakaera ontzia poparean doa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!