Ibai Makazaga oriotarrak irabazi du Pagoeta Mendi Lasterketa

Karkara 2018ko api. 29a, 17:36
Ibai Makazaga helmugara heltzen. (Salbatore Mitxelena Ikastola)

Bikote mistoen proban Lide eta Imanol Urrestarazu ordiziarrak iritsi dira lehenengo helmugara.

Aurtengoan nabarmen hazi da Pagoeta Mendi Lasterketako parte hartzaile kopurua. 235 korrikalarik hartu dute parte ibilbide nagusian, eta proba mistoa, berriz, 87 bikotek egin dute. Guztira, 409 lagun aritu dira lehian, beraz. Ibai Makazaga izan da ibilbide nagusiko parte hartzaileetan lehena helmuga zeharkatzen, 01:37:34ko denborarekin. Haren atzetik Aitor Manterola zarauztarra eta Mikel Zubiria aretxabaletarra heldu dira, hurrenez hurren.

Emakumezkoetan, Maite Etxezarreta azpeitiarra izan da lehena, 01:50:49ko denborarekin. Etxezarretak, marka berria ezarri du denbora horrekin, orain arteko emakumerik azkarrena izan baita. Segidan, Eukeni Solagaistua abadiñoarra eta Uxoa Irigoien getariarra heldu dira, 01:53:31ko eta 01:57:27ko denborekin. Aipagarria da, aurtengoan, emakumezkoen kategoriako lehen hirurek lortu dutela bi ordutik jaistea denbora.

Aurreko urteko harrera ona ikusita, aurtengoan ere bikote mistoen proban parte hartzeko aukera izan da. Proba honetan, Lide eta Imanol Urrestarazu ordiziarrak izan dira helmuga zeharkatzen lehenak, 00:41:08ko denborarekin, eta bigarrenak, berriz, Iratxe eta Agosti Aranburu zarauztarrak, hamasei segundo beranduago.

Sailkapen osoa kirolprobak.com webgunean dago ikagai.

Erlazionatuak

Irudietan: Pagoeta Mendi Lasterketa

Amaia Urbieta Arruti 2018 api 29 Aia

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!