Biltzeko sistema berriarekin %30 igo da ondo sailkatutako hondakinaren kopurua

Karkara 2018ko mai. 4a, 18:50
Igor Iturain Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakaria gaur. (Argazkia: Aritz Mutiozabal)

Aian, Getarian, Orion, Zarauzten eta Zumaian abian jarritako hondakinak biltzeko sistema berriaren lehen hiruhileko funtzionamenduaren balorazioa egin du gaur Urola Kostako Udal Elkarteak. Sistema hori martxan jarri zenetik hondakinak sailkatzeko tasa, iazko apirileko datuekin alderatuta ehuneko 30 puntu igo dela nabarmendu du Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak.

Kostako bost udalerrietan 2017ko apirilean %38,26 jaso zen hondakina ongi sailkatuta kaleko edukiontzietan, eta aurten %68,14 izan da sailkatuta jasotakoa; adibidez, 2017ko apirilean 872.890 tona errefusa eta 129.880 tona biohondakin jaso ziren, aurten, berriz, 334.470 tona errefusa eta 266.340 tona biohondakin bildu dira. Alde horretatik, herritarrak zoriondu eta eskertu ditu Iturainek, "igoera honen eragileak izan direlako".

Herritarrena bezala, ostalarien, merkatarien eta enpresen arduradunen "ahalegina" nabarmendu du Iturainek, "pauso hau eman izan ez balute beste datu batzuez hitz egiten arituko ginelako". Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduen puntuz putuko bilketan %79,66ko sailkatze tasa lortu da aurtengo apirilean, eta industrialdeetako enpresen kasuan, berriz, %71,86koa. Datu "adierazgarriak" direla adierazi du UKUEko lehendakariak, baina zerbitzua hobetzen eta herritarrentzat ahalik eta erosoen izan dadin lanean jarraituko dutela. Lehen hilabete hauetan gorabehera batzuk izan direla gaineratu du: edukiontziontziekin ebakiak edota istriputxoak, zailtasunak edukiontzien tapak irekitzerakoan eta txartelak banatzerakoan, besteak beste. "Baina martxotik hona jaso dugun pertzepzioa da sistema egonkortzen ari dela".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!