Urola Kostako EH Bildu: "Sailkatze tasaren gorakada Urola Kostan posible izan bada, Gipuzkoako gainerako eskualdetan ere posible da"

Karkara 2018ko mai. 11a, 17:52

Azken datuak positiboak direla dio koalizioak, eta uste du Gipuzkoako beste eskualde batzuetan aurrera eramatea ere posible dela. Urola Kostako Udal Elkarteari, berriz, eskatu dio beharrezko baliabideak jar ditzala, emaitzak are hobeak izan daitezen.

Urola Kostako EH Bilduk nabarmendu du "oso esanguratsua" dela hondakinak biltzeko sistema berriarekin sailkatze tasak izan duen gorakada hiru hilabetetan Aian, Orion, Getarian, Zarautzen eta Zumaian. Izan ere, urtarrilean %45,86 izatetik apirilean %71,31 izatera pasatu da; kaleko edukionzietan %69,97 izan da apirilean, eta %79,66 merkatariei nahiz ostalariei atez ate jasotakoa. "Horrek erakusten du guztion borondatearekin eta lanarekin posible dela gure hondakinak murriztea", adierazi du. Datu positiboa izanagatik ere, koalizioarentzat oraindik asko dago hobetzeko: "Uste dugu gauzak hobetuko badira, beharrezkoak diren baliabidez ondo hornitu behar dela zerbitzua.

Sentsibilizazio eta informazio kanpainekin jarraitzearen beharra azpimarratu du, "herritar guztiengana iritsi eta hondakinak murriztearen beharrizanaz arduratzeko". EH Bilduren ustez, lan horretan "ezinbestekoak" dira herriz herri sortuta zeuden Hondakinen Mahaietako herritarrak. "Alderdi politiko guztien artean adostu eta azken bileran gogorarazi genuen bezala, uste dugu Udal Elkarteak mahai horiek deitu behar dituela berriz, informatuta egon daitezen eta aurrera begirako pausoak zehazten lagun dezaten".

EH Bilduk argi utzi nahi izan du "hondakinak sailkatu, birziklatu eta murriztearen alde" egin duela lan, bai aurreko agintaldian, bai oraingoan: "Gaiak merezi duen ardura kontuan izanda, babesa eta konfidantza eman genion sistema berriari, emaitza onak lor zitzakelakoan". Gainera, uste du sailkatze tasaren gorakada Urola Kostan posible izan bada, Gipuzkoako gainerako eskualdetan ere posible dela. "Horrela erakutsi dute gure aurretik beste zenbait eskualdek ere: Tolosaldeak, Debagoienak edo Urola Erdiak, besteak beste".

Koalizioaren hitzen, "datu horien arabera, agerian gelditzen da EAJ eta PSE egoskortuta eraikitzen ari diren erraustegia ez dela beharrezkoa. Are gehiago, hasieran pentsatuta zegoen errauskailu erraldoi hura guztiz gaindimentsionatuta zegoela eta, proiektu hura gelditzeagatik, EAJk eta PSE-EEk Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin auzitara eraman eta 40 milioi arteko isunak eskatzea guztiz bidegabea dela".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!