2018-19 ikasturtean soldadurako Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasteko izena eman daiteke jada

Karkara 2018ko eka. 6a, 16:46

Ikasketa horiek Zumaiako Soldadura Zentroan egiten dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditu ez duten 15, 16 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendu diete deialdia.

2018-2019 ikasturtean Zumaiako Soldadura Zentroan Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasketak egiteko aurre izen emate epea ireki du jada Urola Kostako Udal Elkarteak. Ekainaren 15a bitarte, interesa duten pertsonak zentrora deitu eta instalazioak ikusteko eta argibideak jasotzeko hitzordua eska dezakete. 

Soldaduran, fabrikazioan eta muntaketan espezializatutako ikasketak egin ahal izango dituzte ikasleek. DBH gainditu ez duten gazteei zuzendu diete izena emateko deialdia, eta ekainaren erdialdera arte Soldadura Zentroan bertan izena eman dezaketela jakinarazi 9:00etatik 13:00etara.

Programaren helburua soldadurako ofizio edo lanbidearen oinarrizko ezagutzen jabe izatea da, ikasketa praktikoen bitartez. Bestetik, ikasketei jarraipena emateko aukera eman nahi diete gazteei. 

Bi ikasturteko ikasketak dira eta landuko dituzte, batetik, soldadura, fabrikazioa eta muntaketaren inguruko gai teorikoak eta praktikoak eta, bestetik, oinarrizko ikasgaia. Bigarren ikasturtean, gainera, ikasleek praktikak egiten dituztela azaldu dute; bailarako lantegietan edo bailarako udalentzat. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!