Eskualdeko herriak bat eginik, baldintza duinen alde

Amaia Urbieta Arruti | Zarauzko Hitza 2018ko eka. 14a, 16:30
Atzo prentsaurrekoa eman zuten lagunak (Amaia Urbieta Arruti)

Duela egun gutxi sortu da Urola Kostako pentsiodunen plataforma, eta igandean eskualde mailako manifestazioa egingo dute Zarautzen. Hainbat eragileren babesa jaso dute igandeko mobilizaziorako: gazteena, feministena eta ikasleena, kasu.

Zarauzko kaleak aldarriz bete nahi ditu sortu berri den Urola Kostako pentsiodunen plataformak. Horretarako, igandean, 12:00etan, Lege Zaharren enparantzara hurbiltzera deitu dituzte herritarrak. Hala azaldu zuen Ana Gallenek atzo prentsaurrean: Ikasleak, emakumeak, helduak, alargunak eta langileak. Guztion borroka berbera da, eta pentsio sistema publikorik ez da egongo bermatuta, guztiok gizarte osoarentzako kalitatezko bizi baten alde ez badugu egiten.

Funtsezkoa dena lortzeko borrokan jarraituko dutela adierazi zuen ondoren Pello Enparanek, eta zenbait eskaera zerrendatu zituen. Esaterako, Toledoko hitzarmenekin desegiten ari den pentsio sistema publikoa berreskuratzeko beharra ikusten dute, eta adineko pertsonentzat gutxieneko pentsio duin bat egon dadila, soldaten genero arrakala gaindituz. Hau ez dela posible diote, baina errealitatea beste bat da. Gobernuko kideek gastuak murriztu eta pentsio pribatuak bultzatzea nahiago dute. Arazoa oso larria dela eta pentsiodunez gain, jendarte osoak ere jasaten duela azpimarratu zuen Enparanek.

Gazteei eragiten die, jubilazioa 67 urtera luzatzean lanpostuak gutxitzen direlako, beraien emantzipazioa atzeratuz. 50 urtetik gorakoei, iraunkortasun legeak pentsioak %40a gutxituko dituelako hurrengo hamarkadan, eta langileei, orokorrean, kotizazio baxuak onartzen dituztelako. Egungo egoerari aurre ez egiteak soldata baxuak eta lan prekarioak onartzea ekartzen duela adierazi zuten. Berez, pentsio sistema publikoak ez du hutsik egiten, etorkizunerako langilearen kotizazioak baizik, izan ere, soldata baxuek ez dute gehiagorako ematen. Gauza bera gertatzen da pentsio pribatuekin: kalitatezko soldatarik gabe, sistemak ez du funtzionatzen.

Mari Jose Txapartegik, berriz, emakumeei eta gazteei zuzenduta hitz egin zuen. Emakume alargunen eskubideak murriztuak daudela azaldu zuen, bizitza osoan zaintzan eta etxeko lanetan jardun arren. Gazteek, kontratu eta lan prekarioa jasateaz gain, askok, langabeziaren zama eraman dutela azaldu zuen, emantzipatzeko aukera galduz. Pentsio eskasak miseriazko soldaten ondorio dira, eta beraz, pentsioak igotzeko, soldatak igotzea ere beharrezkoa da, adierazi zuen Iñaki Lizasok. Ondorengo eskaerak zerrendatu zituen Lizasok: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, KPIren araberako pentsioen berreskurapena, iraunkortasun faktorearen ezabatzea, soldata duinak bermatuta izatea eta generoan oinarritutako soldata arrakala desagertzea eta kalitatezko enpleguak gazteentzat, pentsio duin baten eskubidea bermatuz.

Bukatzeko, deia luzatu zieten Urola Kostako herritar guztiei, mobilizaziora bertaratzeko. Posible duten guztiei, mesedez, etortzeko eskatzen diegu. Gureak diren eskubideak kendu nahian dabiltza, eta ezin diegu nahi dutena egiten utzi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!