Uda sasoian hondakinak gaika sailkatzen jarraitzeko kanpaina aurkeztu dute

Karkara 2018ko eka. 15a, 12:37
Igor Iturain UKUEko presidenteak eta ordezkari politikoak, gaur goizean egindako agerraldian. (Argazkia: Maria Maya Manterola)

Ezarpen fasea amaitutzat eman dute, eta uda sasoiko kanpaina berria aurkezteaz gain, orain arteko emaitzen eta ehunekoen berri eman dute Udal Elkaretan egindako agerraldian.

Hondakinak sailkatzeko sistema berria indarrean jarri zenetik lau hilabetera, uda sasoira begira jarri da UKUE Urola Kostako Udal Elkartea. Gaur goizean aurkeztu dute kanpaina Igor Iturain UKUEko presidenteak eta eskualdeko zenbait ordezkari politikok.

Iturainek jakinarazi duenez, amaitutzat eman dute ezarpen fasea. "Ohiko lanean" murgilduko dira hemendik aurrera, "zerbitzua kudeatuz, hobetzen jarraitzeko berrikuntzak aztertuz eta iradokizunei erantzunez". Lehenengo hobekuntza horiek ekainean eta uztailean izango direla iragarri dute.

Aurrez, ordea, udako kanpaina aurkeztu dute. Turismoak eta aisialdiak "pisu handia" hartzen duela, eta ondorioz, sortutako hondakin kopurua ere handitzen dela diote. Horri irtenbide bat emateko asmoz, Urola Kostan Bagoaz! Egin bat gurekin eskuorria banatuko dute turismo bulegoetan, kanpingetan, hoteletan, landetxeetan eta apartamentu turistikoetan. Eskualdean hondakinak sailkatzeko konpromiskoa "tinkoa" dela erakutsi nahi dute eskuorriaren bitartez, bisitariei konpromiso bera hartzea eskatzeaz gain. Lau hizkuntzatan argitaratuko dute hondakinak bereizteko aholkuak biltzen dituen euskarria.

Bestetik, Hemen hondakinak sailkatzen ditugu. Egin bat gurekin dioten pegatinak banatuko dituzte komertzioetan eta tabernetan, herritarrek hondakinak sailkatzeko konpromisoa hartu eta betetzen dutela jakin dezaten. Nolabaiteko "ziurtagiri moduko bat" dela jakinarazi du Iturainek. 

Emaitzak eta ehunekoak
Ezarpen fasea amaituta, momentua aprobetxatu nahi izan dute urtarriletik apirilaren amaierara bitarteko datuak herritarrei helarazteko. Horretarako, eskuorri bat banatuko dute etxebizitza guztietako postontzietan astelehenetik aurrera. Herritarrak, merkatariak, ostalariak eta enpresariak zorionduko dituzte eskuorriaren bidez, beren konpromisoari eusten jarraitzeko eskatuz. Bestetik, sailkatutako hondakinen datuak eta hondakinen ibilbidearen inguruko xehetasunak ere emango dituzte.

2017ko apirila eta 2018ko hilabete bera alderatuz gero, ondo sailkatutako hondakinen kopuruaren ehunekoa 25 puntu igo da; %72,52ko tasa jaso dute aurten. Emaitzak "egonkortzen" ari direla uste dute, eta maiatzeko behin behineko datuek goranzko joera berresten dutela gaineratu dute UKUEtik.

Hobekuntzak
Ezarpen fasea amaitutzat eman arren, hainbat hobekuntza egingo ditu UKUEk ekainean eta uztailean. Bilketa zerbitzuak indartu egingo dituzte, orgainkoa eta errefusa jasotzeko edukiontzietan pedalak jarriko dituzte, hondakin gehien jasotzen dituzten puntuetan hirugarren bilketa bat egingo dute, eta azkenik, poliespana eta egurrezko kaxak jasotzeko proiektu pilotua jarriko dute martxan; mota horretako hondakin kopuru handiak sortzen dituzten merkatari eta ostalarientzat. Bestetik, hondakinak biltzeko zerbitzuetan kamioi eta ibilgailu berriak jarriko dituzte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!