Eskualdeko pentsiodunen plataformak deituta, pentsio duinen aldeko aldarriak hartu ditu Zarauzko kaleak

Karkara 2018ko eka. 17a, 20:13

Urola Kostako pentsiodunen plataformak deituta, mobilizazioa izan da gaur eguerdian. Zarauzko zein inguruko herrietako ehunka lagun batu dira protestara.

Pentsio publiko duinak gaurko eta biharko! lelo hartuta, mobilizazio jendetsua izan da gaur eguerdian Zarautzen. Duela egun gutxi sortutako Urola Kostako pentsiodunen plataformak antolatu du protesta, baina hainbat eragileren atxikimendua jaso dute; feministena, ikasleena eta gazteena, esaterako. Antolatzaileen arabera, mila lagunetik gora izan dira.

Lege Zaharren enparantzatik abiatu da protesta, bestelako pentsio sistema baten aldeko oihu artean. Gipuzkoa Kalea hartu dute ondoren Ertzaintzaren komisaldegi pareraino, eta malekoirako bidea hartu dute jarraian. Hondartzaraino eraman dute aldarria, eta zenbait herritarren babes mezuak ere jaso dituzte txalo artean. Lege Zaharren enparantzarako bidea hartu dute berriz ere, ekitaldi batekin mobilizazioari amaiera emateko.

Pentsio sistema duin baten alde borrokan jarraitzeko konpromisoan berretsi dira, eta hainbat eskaera egin dituzte; besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, KPIren araberako pentsioen berreskurapena, iraunkortasun faktorearen ezabatzea, soldata duinak bermatuta izatea eta generoan oinarritutako soldata arrakala desagertzea.

Argazki bilduma eta bideoa ikusgai daude Zarauzko Hitzaren atarian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!