Maiatzeko datuen arabera Oriok %6,96ko langabezia tasa du, eta Aiak %6,48koa

Karkara 2018ko eka. 19a, 15:00
Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturain datu sozio-ekonomikoak aurkezten. (Aiora LarraƱaga)

Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak jakinarazi du Euskadi mailan Urola Kosta dela langabezia tasa baxuena duen eskualdea.

Urola Kostako Udal Elkarteak prentsa agerraldia egin du gaur, eskualdeko langabezia datuak aurkeztu, eta erakundearen diru-laguntzen bidez garatu diren lankidetza proiektuak azaltzeko. Udal elkarteko lehendakari Igor Iturainek zehaztu duenez, garapen agentzia guztien arabera Urola Kosta da Euskadi mailan langabezia tasa baxuena duen eskualdea, bataz beste %7,15ekoa da; Gipuzkoakoa baino ia bi puntu txikiagoa da.  Udalerriei dagokionean Aiak %6,48ko langabezia tasa duela azaldu du, eta Oriok 6,96koa.

Iturainen iritziz "pozik" egoteko moduko datuak dira, baina jakin badakite oraindik ere lanean jarraitu beharra dagoela. Eskualdeko ehun sozio-ekonomikoa osatzen duten enpresa, ekintzaile, langile eta erakundeak zoriondu ditu azken urtetako egoera zailari buelta emateko egin duten lanagatik. "Aurrerantzean ere horien denen beharrak aztertu eta ekimen berriak martxan jartzea da gure asmoa. Udal elkartetik lankidetzaren bidetik jarraituko dugu, herritar guztien ongizatea eta bailararen garapena helburu hartuta". Horretarako eragileen arteko lankidetza eta elkarlana sustatu nahi dituzte ekimen eta diru-laguntza desberdinen bidez. 

2018an udal elkarteak 305.000 euro bideratuko ditu enpresak sortzeko, enplegua sustatzeko, lankidetza egitasmoak garatzeko eta inbertsioak finantzatzeko diru-laguntzetara, "iaz baino 100.000 euro gehiago". Hilaren amaieran, ekainaren 29an, amaituko da lankidetza egitasmoetarako diru-laguntza eskabideak aurkezteko epea. Interesa dutenek udal elkartearen webgunean eskura dituzte laguntza ekonomikoen deialdiak, oinarriak eta eskabideak egiteko eredua. 

Lankidetza esperientziak
Prentsa agerraldian iaz udal elkartearen lankidetza diru-laguntzen bidez garatu zituzten hainbat proiektu ere aurkeztu dituzte. Alde batetik, Oteiza Lizeo Politeknikoko TK guneko arduradun Iñigo Mujikak Engranajes Juaristi enpresarekin lankidetzan garatu zuten proiektuaren berri eman du. "Engranajeak mekanizatzeko makina baten pieza finkatzerakoan, langileek eskuz kolpatu behar izaten zuten pieza, eta horrek lesioak sortzen zizkien langileei. Udal elkartearen laguntzari esker langileek egin beharreko lan prozesua arintzeko makina automatikoa sortu genuen", azaldu du Mujikak.

Oteizako TK guneko arduradunaren esanetan enpresa txiki eta ertain askorentzat ikastetxeekin egindako lankidetza "etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko eta indarra hartzeko aukera aproposa da. Era berean ikasleei lan munduarekin zuzeneko harremana izateko balio die".

Lankidetza proiektuak arlo desberdinetan garatu daitezke, eta horren adibide da eXperientziak enpresak Aiala Ostalaritza Eskolarekin martxan jarri duen SU-ARTEAN proiektua. "Ohartu ginen Zarautzen 12-16 urte bitarteko gaztetxoen aisialdian hutsune bat zegoela, eta sukaldaritza oinarri hartuta horiei zuzendutako ekimena martxan jartzea bururatu zitzaigun". Horretarako, Aiala Ostalaritza Eskolarekin harremanetan jarri ziren, eta elkarlanean SU-ARTEAN programa abiatuko dute uztailean. Sukaldaritza ikuspegi ludiko eta didaktiko batetik landuko dute gaztetxoek, "beren gustuko platerak prestatzen ikasteaz gain, Zarauzko merkatu plaza ere ezagutuko dute" azaldu du eXperientzak enpresako Olaia Landak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!