Berrikuntza ikastaroa amaituta, eskualdeko 11 langabek eskuratu dute beren prestakuntza-bonoa

Karkara 2018ko eka. 25a, 14:36

Enpleguaren sustapenera bideratutako diru-laguntza lortu ahal izango dute enpresek, urte amaiera bitartean pertsona horietako bat kontratatuz gero.

Enpleguaren sustapenera bideratutako diru-laguntza lortu ahal izango dute enpresek, urte amaiera bitartean pertsona horietako bat kontratatuz gero.

Eskualdeko 14 pertsonek hartu dute parte Urola Kostako Udal Elkarteak aurten bigarrenez eskaini duen berrikuntza ikastaro aurreratuan. Ikastaroan zehar, enpresaren batean praktikak edota lana topatu dutela eta, 3 kidek utzi egin behar izan dute formazioa. Ikastaldia hilabetekoa izan da eta orotara 215 orduko iraupena izan du.

Iaz egindako lehen edizioarekin alderatuta, izan da berritasunik bigarren edizioan. Batetik, osotasun gehiago izateko helburuarekin, zabaldu egin da gaitegia. Besteak beste, hauek izan dira landu dituzten gaiak:

  • Teknologia tresnak
  • Zaintza teknologikoa
  • Marka pertsonala
  • Proiektuen eta denboraren kudeaketa
  • Kudeaketa aurreratua
  • Sormen eta ideien kudeaketa: Desing Thinking
  • Zeharkako konpetentziak

Are gehiago, egun lan-munduan murgiltzeko beharrezko berrikuntza tresna ugari bereganatzeaz gain, zeharkako konpetentziak ere landu dituzte ikasleek.

Bestetik, hainbat lan-esperientzia ezagutzeko aukera izan dute enpresatara egindako bisiten bidez. Gainera, programaren azken helburua kide guztien enplegagarritasuna hobetzea denez, pertsona bakoitzari jarraipena egin zaio Udal Elkartetik. Azken finean, ikastaroaz haratago, norberaren konpetentziei, nahiz lanerako beharrezko tresnei heltzen dion programa integrala izan da.

Zabalik kontratazio epea

Behin formazio saioak amaituta, eskualdeko 11 langabek eskuratu dute beren prestakuntza-bonoa. Zeharo talde anitza denez, sektore askotako enpresei zabaltzen zaie diru-laguntzak eskuratzeko aukera. Bonoa eskuratu dutenen profilak ikusgai daude ondorengo blogean: https://berrikuntzarakotre4.wixsite.com/bt2018

Saioetan parte hartu dutenen bat kontratatzeko interesa izanez gero, Udal Elkartetik laguntza ekonomikoa jasotzeko aukera izango dute enpresek. Udal Elkarteak martxoan aurkeztu zituen 2018ko laguntza ekonomikoak. Guztira, 305.000 euro bideratuko dira; iaz baino 100.000 euro gehiago. Hain zuzen ere, 115.000 euro bideratuko dira enpleguaren sustapenera. Zabalik dago kontratazioak egin eta laguntza eskuratzeko epea; ekainaren hasieratik abenduaren 28ra arte.

Diru-laguntzen oinarriak eta informazioa

Enpresaren batek ikastaroko parte-hartzaileren bat kontratatu eta Udal Elkartearen diru-laguntza eskuratzeko interesik balu, eskuragarri daude diru-laguntzen oinarriak Udal Elkartearen webgunean:

Euskaraz:

http://www.urolakosta.eus/documents/378556/3207317/GAO+2018-03-26+60+zk+oinarriak/508faf6b-fa88-1a12-af0a-cef6c9a6f0c5

Gazteleraz:

http://www.urolakosta.eus/documents/378556/3207317/GAO+2018-03-26+60+zk+oinarriak/508faf6b-fa88-1a12-af0a-cef6c9a6f0c5

Argibide gehiago jasotzeko jarri gurekin harremanetan:

Urola Kostako Udal Elkartea, Enpresentzako Zerbitzuak

Tel. 943 890808

enpresa@urolakosta.eus

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!