Manuel Fernandes eta Miguel Etxeberria: "Erakusketa honekin, begiratzeko moduari zentzua eman nahi diogu"

Ainara Lasa 2018ko uzt. 19a, 09:46
Manuel Fernandes eta Miguel Etxeberria, beren lanez inguratuta, Orioko kultur etxeko areto nagusian.

Aian dute tailerra bi artistek, eta 'Murgilketa begiradan' erakusketa antolatu dute elkarlanean. Orioko kultur etxeko areto nagusian ikusgai da jada irailaren erdialdera arte, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00ak arte.

Elkarlanean abiatu duzue erakusketa. Zer jasotzen da bertan?

Miguel Etxeberria: Bion lana uztartzen da erakusketa honetan. Kasu honetan, nire arloa eskultura da, eta Manuelena, margolaritza. Nire sorkuntzek harriaren estereotomia dute ardatz modura, hau da, hargintzaren tratamendua. Harria lantzeko eta forma emateko hainbat modu landu ditut. Harria lantzeko modu horiek erabilgarriak dira niretzat, forma desberdinak sortzen joateko. Erakusketa honen kasuan, harria da oinarrizko materiala, eta euskarri modura, egurra erabili dut.

Manuel Fernandes: Miguelek sortutako oinarri edo euskarrietan nire pinturak gehitu ditut; hala, bion lanak batuz, eskultura edo pieza desberdinak sortu ditugu.

Zer dela eta 'Murgilketa begiradan' izenburua?

M.E: Ez genuen nahi begirada soil bat izatea. Erakusketa honen bitartez, pertsona bakoitzaren begiratzeko eran murgilketa bat ematea nahi dugu, bakoitzak bere begiratzeko moduan sakontzea, alegia. Norberak bere ikuspegia du arte-lan bat begiratzeko orduan, eta hori interesgarria iruditzen zaigu.

M.F: Begiratzeko moduari zentzua eman nahi diogu gure lanaren bidez. Gaur egun, gure begirada mugikorretara bideratzen dugu gehienetan, pantaila batetara. Pertsona askok pentsatzen dute telefonoan behar duten guztia dutela, munduaren ikuspegia aparatu horretan dutela. Eta ez dira ohartzen badirela beste mila gauza ikusi eta begiradarekin miretsi daitezkeenak. Erakusketa honetan dauden lanak, lurretik jaiotzen dira, hau da, pertsonak begirada lurrean zentratu behar du, ondoren, begirada hori, obra guztia ikusteko, gorantz bideratuz.

Zein sentsazio bizi ditzakete erakusketa ikustera etorriko diren oriotar eta aiarrek?

M.E: Aldaketak nabarituko dituzte, artea ikusteko eran. Esaterako, zer egiten du koadro batek lurrean, horman ipinita egon daitekeenean?

M.F: Arteak esanahi ugari dituela nabarituko dute. Ez dezatela erreparoa izan hona gerturatzeko. Gu biok hemen egongo gara lan bakoitza azaltzeko. Pieza bakoitzaren sorkuntza prozesua eta bestelako informazioa emango diegu. Noski, obra bakoitzak pertsona bakoitzarengan sentsazio desberdinak eragitea espero dugu. Hori da helburua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!